Aernnovako EEEaren auzia epaiaren zain gelditu da

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 16:30
Aernnova, ITP-PCB eta Tubacexeko langileak bildu dira epaitegiaren aurrean. / ELA

EAEko Auzitegi Nagusira iritsi da Aernnovako EEEaren aurkako inpugnazioaren epaiketa, eta auzia epaiaren zain gelditu da. Epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Aernnova, ITP-PCB eta Tubacexeko langileek.

Abokatuetako batek positibo eman ostean, epaiketa bertan behera gelditu zen martxoaren 16an. Atzerapen horren ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak astearte honetan batera aztertu ditu ELA, USO eta LAB sindikatuek aurkeztutako hiru inpugnazioak; hirugarrena enpresa batzorde osoaren izenean.

Orain, epaiaren zain gelditu da Aernnovako EEEaren auzia, eta hilabete barru aterako da ebazpena.

Aernnovako langileentzat greba eguna izan da gaurkoa. Gainera, epaiketa egiten zen bitartean, Auzitegi Nagusiaren aurrean mobilizatu dira, Bilbon, Tubacex eta ITP-PCB enpresetako langileen babesarekin. "Enpleguaren aldeko borrokak auzitegietan jarraitzen du", ohartarazi du Aernnovako enpresa batzordeak. "Fabrikan, kalean eta auzitegietan enplegua defendatuko dugulako".

Otsailaren 1ean, Aernnovako zuzendaritzak Berantevillako fabrikako 82 langile kalean utzi zituen. Horietako 55 nahitaezko kaleratzeak izan ziren, beste hamalau aurre-erretiroak eta beste hamahiru pizgarridun bajak.

Kaleratzeak egiteko debekua

Sindikatuek aurkeztutako inpugnazioen arabera, sektore aeronautikoaren krisia pandemiaren ondorioa da, eta, beraz, koiunturala da. Hortaz, Enplegua Erregulatzeko Espedientearekin Aernnovak "Covid-19arekin lotutako kaleratzeak egiteko debekua urratu" duela argudiatu dute. Zuzendaritzak uztailean iragarri zuen plantillaren %20 kaleratzeko asmoa; hots, pandemiaren erdian. "Baina gero enpresak egiturazko arazo bati buruz hitz egin du", kritikatu dute langileen ordezkariek.

Auzitegi bereko hainbat aurrekari judizial direla eta, epaileak ebazten badu Aernnovako EEEa pandemiak eragindako krisi koiunturalarekin lotuta dagoela, espedientea baliogabetzeko aukera legoke. Hala ere, zuzendaritzaren defentsaren oinarria egiturazko arazoak argudiatzea izan da, EEEa eta kaleratzeak justifikatzeko.

Enpresa batzordeak espero du kaleratutako lankideak lanera itzultzea eskatu du, eta epaileak erabaki hori hartzea espero du. Hala ere, hiru aukera ditu epaileak: kaleratzeak legezkotzat jotzea, bidegabeak direla ebaztea edo kaleratzeak indargabetzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide