Asteburua igarota, astea aurrera doa eta datuek ez dute hobera egin. Intzidentzia tasa metatuak igotzen jarraitzen du Araban: azken 24 orduetan 106 positibo atzeman dira, eta intzidentzia 426koa da une honetan, hots, hiru puntu igo da atzotik.
Gasteizen, intzidentzia tasa egonkortu eta astelehenean baino puntu bat baxuagoa da, 464koa. Horrekin batera, 78 positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan.
Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko bi udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Bastida (1.024) eta Legutio (1.364).
Gaurko aldaketa nagusiak 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eman dira: Agurain (112) eremu horian mantentzen da, baina Amurrio (416) eremu gorrian sartu da, eta Laudio (326) eremu laranjan. Beraz, Aiaraldeko bi udalerri horietako osasun egoeraren bilakaeraren arabera, datorren astelehenean erabakiko da neurri murriztaile bereziak ezartzen ote diren.
Neurri murriztaileak
Eremu gorriko bigarren asteari ekingo dio Arabak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak gutxienez astebete gehiago luzatuko dira. Araban, lurraldearen konfinamendu perimetrala; Gasteizen eta beste bi udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa ezarri dira, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 19an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, astelehen honetan 9.313 test diagnostiko egin ziren; horietatik 726 positiboak izan ziren (%7,8).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,06koa da Araban, eta 1,17koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Eta Araban, joan den astean hazkundea moteldu zen arren, joera okertu da berriro.
Ospitaleen egoera
Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera txarra mantendu da, eta presio asistentzialak okerrera egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 104 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 430 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 127 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 557 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.