Emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izango duten guneak sortu eta hauek plazan duten presentzia areagotzeko helburuarekin, I. Señora Sariketa antolatu dute. Umorea tresna nagusi erabiliz, señora izaerari aldarri egingo diote. "Kontzeptu lausoa baita señora izatea, zehazten zaila, baina, aldi berean, guztiok ulertzeko gai garena", aipatu dute antolatzaileek.
Larunbatean, apirilaren 17an, egingo dute Aramaioko kultura etxean lehen saioa. Hiru saio izango dira guztira eta hamalau emakume bertsolarik hartuko dute parte Aramaion eta Mutrikun egingo diren kanporaketetan eta maiatzaren 8an Lesakan egingo den finalean. Aramaio eta Mutrikuko saioetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera, eta bertan kantuan arituko diren beste bi bertsolariak finalera zuzenean sailkatuta daude dagoeneko señora izateagatik, baina nor diren ez da jakingo eguna iristen den arte.
Aramaioko saioan parte hartuko duten bertsolariak Haizea Arana, Oihane Perea, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Alazne Untxalo izango dira, eta Ainhoa Urien arituko da gaijartzaile. 17:00etan izango da eta bertsosarrerak.eus bidez eskuratu daitezke sarrerak, edota egunean bertan saioaren aurretik.
Ekimen hau zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute tokiko herri eragile eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean.