Koronabirusa

Araba, Gasteiz, Bastida eta Legutio gutxienez astebetez mantenduko dira konfinatuta

Erredakzioa 2021ko api. 12a, 12:55
Txertaketa aurrera doa, besteak beste, Lakuako pilotalekuan. / ALEA

Neurri murriztaileak gutxienez hilaren 19ra arte mantenduko dira Araban, Gasteizen, Bastidan eta Legution. Intzidentzia tasa metatua 423koa da lurraldean eta 465era iritsi da hiriburuan; Eltziego eta Iruña Oka, berriz, eremu gorritik atera dira.

Asteburuan zehar, koronabirusak ez dio atsedenik eman Arabari. Intzidentzia tasa metatua berriro igo da lurraldean eta hiriburuan. Azken 24 orduetan 67 positibo atzeman dira Araban, eta intzidentzia 423koa da une honetan, hots, hamalau puntu igo da ostiraletik. Horietatik, 48 kasu Gasteizen atzeman dira; eta hiriburuko intzidentzia 465ekoa da, ostiralean baino hemezortzi puntu gehiago ere.

Hortaz, aste honetan, eremu gorrian mantenduko dira Araba eta Gasteiz; udalerrien hurrengo ebazpena apirilaren 19an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak.

Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko bi udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Bastida (1.024) eta Legutio (1.473). Eltziego (676) eta Iruña Oka (696) udalerriek, ordea, atzean utzi dute eremu gorria, azken egunetan egoera hobetu ondoren.

5.000 biztanletik gorako beste udalerriei dagokienez, Laudio (294) eta Agurain (130) eremu horian mantentzen dira. Amurriok (387) eremu laranjan jarraitzen du, eta, gainera, eremu gorrira hurbiltzen ari da; astelehenera bitartean egoera ez bada hobetzen, neurri murriztaile bereziak ezarri beharko ditu.

Neurri murriztaileak

Horrela, astearte honetan, eremu gorriko bigarren asteari ekingo dio Arabak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berriak gutxienez astebete gehiago luzatuko dira. Araban, lurraldearen konfinamendu perimetrala; Gasteizen eta beste bi udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa ezarri dira, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 19an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 6.871 test diagnostiko egin ziren; horietatik 598 positiboak izan ziren (%8,9).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,06koa da Araban, eta 1,18koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Eta Araban, joan den astean hazkundea moteldu zen arren, joera okertu da berriro.

Ospitaleen egoera

Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera txarra mantendu da, eta presio asistentzialak okerrera egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 64 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
  • 420 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 125 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 545 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.

Txertaketari buruzko datuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide