Athletic 0 - 0 Alaves

Alavesek aurrera begiratzeko puntu bat lortu du

Ibon Gorrisi 2021ko api. 10a, 23:30
Argazkia: LA LIGA

Athletic eta Alavesek San Mames futbol zelaian jokaturiko derbian ez da golik izan.

Athletic

0

Alaves

0

Entrenatzaile berria, garaipena. Bada, hori ez da gertatu, baina gutxienez Alavesek Callejaren aroko lehen puntua lortu du. Pachecok egindako geldiketek eman diote saria taldeari. Txapelketa azken txanpan sartu da, eta orain puntuak batzea erabat beharrezkoa da mailari eusteko. Beraz, erdietsitako puntua balio handikoa izan da. Batetik, haizea pitin bat hartzeko, eta, bestetik, bolada txarrari amaiera emateko.

Alavesek Callejaren aroko lehen puntua lortu du; Pachecok egindako geldiketek eman diote saria taldeari

Talde arabarrak urduri samar ekin dio neurketari. Zuri-gorriek baina premia handiagoa zuen. Horrexegatik, atzealdean sarturik eta zirrikiturik utzi gabe joan dira lehendabiziko minutuak. Pixkanaka, eta minutuak joan ahala, taldea lekua hartzen joan da eta Athletic baino gehiago izan da.

Bi taldeei asko kostatzen zaie jokoa sortzea. Biek ala biek gabeziak dituzte zelai erdian, eta San Mames futbol zelaian ikusitakoa ez da salbuespena izan. Marcelinok hamar aldaketa egin ditu hamaikakoan. Egia esanda, jokalari guztiak aldatu ditu Unai Simon atezaina izan ezik. Callejak, bere aldetik, Jota Peleteiro eta Lucas Perez jokalariak jarri ditu hamaikakoan. Halere, ohi bezala, Pacheco atezaina izan da derbiko protagonista nagusia. Gutxienez, hiru geldiketa bikainak egin ditu atea hutsean uzteko.

Lehen zatian, babazorroek Joselu eta Lucas Perez aurrelarien bitartez sortu dute arriskua. Gola ere sartu dute, baina epaileak VAR-ek jokoz kanpo izan dela adierazi du. Sorturiko gol aukerek itxaropenerako izpia utzi dute.

Bigarren zatian ia-ia ez da gol aukerarik izan; Alavesek ondo eutsi dio markagailuari

Bigarren zatian ia-ia ez da gol aukerarik izan. Athleticek aldaketak egin ditu, eta erasoko lau jokalariak atera dira berdegunera gola lortu ahal izateko. Alavesek ondo eutsi dio markagailuari. Halere, gol aukerarik garbienak azken minutuetan izan dira. Nuñez atzelariak buruz egindako errematea Pachecok desbideratu du. Hurrengo jokaldian, 88. minutuan, Berenguerrek aukera garbia izan du baina, berriz ere, atezainak eskuin oinarekin atera du. Azken minutuetako sufrimendua gaindituta, taldeak, gutxienez, merezitako puntu bat lortu du.

Hurrengo neurketa Vilarrealen aurka izango da, apirilaren 21an, 21:00etan Mendizorrotzan. Bai ala bai, hiru puntuak lortu behar dira sailkapeneko azken postuetatik alde egiteko. Ahalik eta lasterren atera behar zulotik. Ea hiru puntuak etxean gelditzen diren!

Hamaikakoak

  • Athletic: Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Balentziaga, Lekue; Ibai Gomez (62’. Iker Muniain), Unai Lopez (62’. Dani Garcia), Vesga, Morcillo (69’. Berenguer); Villalibre (62’. Williams), Sancet (69’. Raul Garcia).
    • Txartel horiak: 2’. Vesga, 91’. Capa.
  • Alaves: Pacheco; Martin, Tachi, Lejeune, Ximo Navarro; Jota Peleteiro (75’. Pere Pons), Bataglia, Pina (78’. Manu Garcia), Luis Rioja (75’. Edgar Mendez); Joselu, Lucas Perez (84’. Borja Sainz).
    • Txartel horiak: 45’. Lejeune, 91’. Manu Garcia.

San Mames futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Hau pena! Era honetako derbiek ikuslerik gabe asko galtzen dute. Alaveseko zaleek diotenez, musikarik dantza egitea baita. Norgehiagoka bide onetik joan da, eta bi taldeetako jokalariek kiroltasun handiz aritu dira. Epaileak bi jokalditan erabili du VAR, bietan talde arabarraren golak bertan behera uzteko: bi jokaldietan jokoz kanpo adierazi du.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Eguraldi polita partida terrazetatik ikusteko. Bai, bada, oso egun polita eta politagoa izango da taldeak hiru puntuak lortzen baldin baditu.
  • Ikusiko dugu Callejaren hamaikakoa. Lucas Perez baietz, ezetz. Baietz.
  • Bai, bai, aurrelariak Joselu eta Lucas Perez. Ez dago zalantzarik bi aurrelari hauek jokatu behar dute.
  • Athletic ez dabil fin, ez zorte izaten dugun!
  • Hasiera kaxkarra, urduritasuna nagusi. Atzealdean ez da hutsik egin beharrik bestela jai izango dugu.
  • Ufff, kontuz, kontuz. Talde zuri-gorriak hamaikakoa goitik behar aldatu du. Badirudi Kopako finala dutela buruan.
  • Baina zelako gola egin duen Joseluk. Baina, VAR, VAR zertarako gola balekoa da eta. Uff, bada, ez jokoz kanpo. Behin eta berriz ikusita badirudi baietz Lucas Perez jokoz kanpo dagoela. Ze pena!
  • Beno, aldagelara berdindurik.
  • Bigarren zatian gola sartu eta hiru puntuak guretzat.
  • Partida txarra, txarra. Biek hankamotz dabiltza zelai erdian, hiru paseak jarraian emateko arazoak.
  • Gol aukera gutxi, hobe guretzat. Ea ahalik eta lasterren amaitzen den partida.
  • Pacheco, Pacheco, San Pacheco. Eskerrak kriston atezaina daukagula. Hori da hori geldiketak egitea. Kontuz, kontuz, uffff, berriz ere Pacheco.
  • Beno, puntu bat. Hurrengo partida, beste finala. Animo pues!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide