Zalantzaz beterik ekin zion Baskoniak aurtengo Euroliga denboraldiari eta garesti ordaindu du azkenerako. Ivanovicek urtean zehar behin eta berriz errepikatu du tituluak eskuratzeko bidean beharrezkoa dela norberak bere buruan sinistea, eta jokalariek behar baino denbora gehiago eman dute mezu horrekin bat egiten.
Denboraldiko lehen zatian eskuratu beharreko zenbait partidek ihes egin zioten talde gasteiztarrari, eta gaurkoan faltan bota ditu garaipenok. Belgradon negargarri jokatu zuen bigarren jardunaldi hura, Zeniten kontra galdutakoa, Asvelen kontra irabazi beharrekoa, Bartzelonaren aurka irabazita izan ostean pikutara bidalitakoa... guzti horietako edozein nahikoa izango luke Baskoniak bihartik aurrera Top 8an pentsatzen egoteko; baina aurten, tamalez, ez da halakorik izango.
Denboraldiko bigarren zati gogoangarria jokatu arren, eta gaur egun edozein aurkari menpean har dezakeen taldea dela erakutsi badu ere, Zurbaoko taldeak agur esan beharko dio Euroligako ametsari. Sasoiko dagoela erakutsi du talde gasteiztarrak, eta aurten ACB ligan jarri beharko ditu geratzen zaizkion indarrak.
Valentzia, beste emaitzen zain
Nor baino nor aritu dira Baskonia zein Valentzia azken jardunaldian, eta minutu erabakiorretan Valentziak eskuratu du garaipena. Egiari zor, Valentziarrek Baskoniak berak baino gehiago zuen jokoan eta Top 8-rako txartelaz gain, datorren denboraldian Euroligan aritzeko txartela ere badu talde laranjak jokoan.
Garaipena nahikoa ez eta ostiralean Zenitek Macabiren kontra jokatu beharreko partidaren emaitzaren zain egon beharko dute Valentziarrek; edota bestela errusiarrek atzeratuta daukaten azken partida galduko ote duen zain egon beharko dira Ponsarnauren mutilak oraindik.