Iñaki Aldekoa ezker abertzaleko historikoa hil da

Erredakzioa 2021ko api. 8a, 14:30
Politikan ibilbide luzea egin zuen Iñaki Aldekoak. / ARGIA

81 urterekin zendu da Iñaki Aldekoa ezker abertzaleko kide historikoa. Besteak beste, 2007an Arabako batzarkidea izan zen EB-Aralar koalizioarekin, eta Arabako ahaldun nagusirako Aralarren hautagaia 2011n.

Gaur hil da, 81 urterekin, Iñaki Aldekoa Azarloza (Zornotza, 1940) ezker abertzaleko kide historiko, diputatu eta preso ohia. Ikasketez, ingeniaritzan doktorea zen, eta ibilbide luzea egin zuen politikagintzan.

Lehenbizi, klandestinitatean eta EGI gazte erakundean; horren ondorioz espetxeratu zuten lehen aldiz. Franco hil eta ondorengo urteetan, Herri Batasunaren barruan aritu zen, eta Nafarroako Legebiltzarreko kide hautatu zuten 1979. urtean.

1982ko martxoan, ETAri laguntzeagatik epaitu zuten, eta hiru urte igaro zituen Alcala de Henaresko espetxean, 1983tik 1985era. Hurrengo urtean, 1986an, Espainiako Kongresuan HBko diputatua izateko hautatu zuten Nafarroan.

Aralar alderdiko kide izan zen gero, 2001. urtetik aurrera, eta horren Batzorde Exekutiboan aritu zen. Ezker Batua-Aralar koalizioaren eskutik, Arabako Batzar Nagusietan ordezkari izendatu zuten 2007an.

2011n, Arabako ahaldun nagusirako hautagaia izan zen Aralarren eskutik. Bilduren lehen hauteskundeak izan ziren, eta koalizio berriak hamaika eserleku lortu zituen; Aralarrek, ordea, ez zuen ordezkaritzarik lortu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide