Bueltan da Artiumen zinema feministaren historiari buruzko zikloa

Erredakzioa 2021ko api. 8a, 14:00
Chantal Akermanen 'News from home' lanarekin hasiko da zikloa. / 'News from home'

Chantal Akerman, Josefina Molina, Margarita Ledo eta Barbara Hammerren lanak izango dira protagonista, besteak beste.

Larunbatean, apirilaren 10ean, ekingo dio Artium museoak Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren bigarren edizioari, emakume zinemagileak eta haien filmak aurkeztea helburu duenari, zinemaren historia kanonikotik kanpo geratu diren horiek aldarrikatzeko beharraz. Lehen edizioak ibilbide kronologiko bat proposatzen bazuen, oraingoan zinemaren beraren bidez pelikulen arteko harremana eraiki nahi du ibilbideak.

Sail berri honetan Chantal Akerman, Josefina Molina, Margarita Ledo, Barbara Hammer, Diana do Teixeiro, Helke Sander, Nina Menkes eta Claire Simon zuzendarien lanak izango dira ikusgai. Film bakoitzaren proiekzioaren aurretik, zinemaren, artearen edo literaturaren munduarekin lotutako pertsona batek zuzendariaren aurkezpena egingo du.

Apirilaren 10ean, larunbatean, Chantal Akermanen (Belgika, 1977) News from home eskainiko dute, Ainhoa Gutierrez del Pozo zinemagileak aurkeztuta. Maiatzaren 8an Josefina Molinaren Función de noche, eta ekainaren 5ean Margarita Ledoren Nación. Guztiak 18:30etik aurrera izango dira, eta 2 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Zikloak uda ondoren jarraituko du, Barbara Hammer-en (Audience, 1983) eta Xiana do Teixeiroren (Tóda las mulleres que coñezo, 2018) filmak protagonista izango dituen saio banarekin; Irati Crespo zinema-ikertzaile eta komisarioak aurkeztuko ditu. Eta ondoren, Helke Sander-en (The All-around Reduced Personality - Redupers, 1978) filma, Lola Hinojosak aurkeztua (Reina Sofia Museoko zinema eta bideo kontserbatzailea), Nina Menkesena (Queen of Diamonds, 1991), Ainara Elgoibar artistak aurkeztua, eta Claire Simonena (Mimi, 2003), Katixa Agirre idazleak aurkeztua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide