Lagun batek dio larrua jotzea gainbaloratua dagoela. Eta ideia honetatik "larrua jo" kontzeptuaren inguruko hausnarketa egiteko beharra sentitu dut.
Maiz koitotzat hartzen dugu, zenbait baldintza alde ditugunean egindakoa, eta gehiegitan kanpo alderdiek gure barne desioen bultzadagatik baino gehiago eraginda.
Larrua jotzearen esanahia aldatuz, gauza asko aldatuko lirateke. Egiten duguna sexualitatearen parte da, baina garena eta sentitzen duguna da muina. Egiten duguna eta horretarako arrazoi eta ikuspuntuek bizipenak aldatuko dituzte. Hona hemen larrua jotzea ulertzeko beste modu bat:
Zer da "larrua jo"?
Gure genitalak, alua zein zakila, larruz estalirik daude, baina pertsona baten azalak bi metro ditu batez beste; hortaz, genital eta koitora mugatuz gero, azalera gehienaren plazer gaitasuna galtzen da. Larru osoa aintzat hartzea da aldaketa nagusia.
"Musika jo erritmo ezberdinez eta modu anitzetan egin badaiteke, anitzak dira ere larrua jotzeko aukerak"
Jo hitzak badu zentzu positiboa. Musika jo erritmo ezberdinez eta modu anitzetan egin badaiteke, anitzak dira ere larrua jotzeko aukerak, eta zakila sartzea horietako bat besterik ez da. Azal guztiarekin, aukera gehiago ditugu eskutan.
Zenbait baldintza alde izan beharko ditugu elkartze erotikoa eman ahal izateko, baina doinua ez dugu gustuko izango desioa ez bada oinarri. Erotika hitza, desioez ari da eta horiek gure barnean piztuko dira; kanpoko alderdiek eraginda elkartzen garenean, elkartzea da, baina agian ez erotikoa. Beharra eta presioa desioaren etsai dira.
Gure larruetaz elkar gozatzeko grina dugulako sortuko da elkartze erotikoa. Larrua jotzea, larruak erabiliz gozatzea da eta gozamenerako ezinbesteko baldintza desioa da. Bakoitzak zer desio mota, zein une, norekin edo azaleko zein zatirekin gozatzeko desioa duen, aldakorra izango da gure desioa bezalaxe. Badira behin eta berriz gozatzen ditugun doinuak, beste batzuk juerga giroan edo irakurtzeko soilik; badira gure emozioekin erabat konektatzen dutenak. Ez dugu beti doinu bera nahi, ezta?
Zergatik gorputzei doinu bera eskatu beti? Gorputzek ez al dute konexiorik emozioekin? Eguneko bizipenekin? Ondoan dugun pertsonek pizten digutenarekin?
Erotikaren doinuak hamaika dira eta ederki moldatzen dira gure gorputzetara, entzuteko prest gaudenean.
Lagunari arrazoia eman behar diot, larrua jotzeari balio gehiegi ematen diogu, baldin eta azal zentimetro gutxi batzuetara mugatuz egiten badugu. Aldiz, azal metro horiek eskaintzen dizkiguten doinuak baliatuko bagenitu, doinuz larrua jotzearen balioa neurgaitza litzateke.