Arabako kontzejuak administrazio elektronikoaren zain

Erredakzioa 2021eko apirilaren 8a

Arabako 355 kontzejuek ezin izan dute legea bete. / Irudia: PIXABAY

Legez, administrazio publiko guztiek administrazio elektronikoa ezarri behar zuten apirilaren 2tik aurrera, baina ezinezkoa izan da Arabako 355 kontzejuentzat. EH Bilduk horretarako baliabideak bermatzeko eskatu dio Aldundiari.

2015ean, Administrazio Prozedurari buruzko Legea onartu zen, administrazio elektronikoa ezartzeko metodoak eta epeak zehazteko. Ordutik, hainbat luzapen izan dira prozesuan, eta, azkenik, 2021eko apirilaren 2a baino lehen administrazio publiko guztiek erregistro elektroniko orokor bat izan beharko zutela erabaki zen. Hori posible ez zen kasuetan, beste plataforma edo erregistro batzuetara atxikitzeko aukera zegoen.

Gaur egun, Arabako 355 kontzejuentzat ezinezkoa da lege hori betetzea, eta, egoerari irtenbide bat emateko helburuarekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Lurralde Orekako hurrengo Batzordean eztabaidatzeko. "Duen tamainagatik eta jarduteko ohiko moduagatik, ezinezkoa da administrazio elektronikoa ezartzea, izan ere, gehienetan ez dute ezta webgunerik ere", azaldu du EH Bilduko Javier Argotek

Mozioaren bitartez, EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio Arabako kontzejuei administrazio elektronikoa ezartzeko behar diren baliabideak eman diezazkiela.  "Aldundiak baliabideak eman behar dizkie toki-erakunde horiei gure lurraldearen digitalizazioan aurrera egiteko, baita Arabako landa eremuan ere", defendatu du Argotek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago