kalea bizi

Kaka eta azken tanta…

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2021ko api. 9a, 10:00

Garaioko hondartza. ALEA

Eskuoihal bustiak eta klinex pila bat urtegiko txokoetan... Ahateak katarroarekin ote?

Garaio aldamenean bizi naiz. Gaur asteartea dugu, atzo bukatu ziren Aste Santuko oporrak. Txakurrekin atera naiz urtegi aldera, eta sorpresa!!!!

Lehen sorpresa, zelai erdia, artea:

Ederra paisaia eta, hantxe albo batean, paseatzen edo parkinean lo egiten egon direnen artelana, "belar bolaren dekonstrukzioa": alde batetik belarra, beste aldetik plastikoa, hantxe, gaur dagoen haizea orrazten. Txakur txikiak korrika egin eta belar bolaren dekonstrukzioaren albo batera joan da poz-pozik, eta poz- pozik desagertu ere. Zatoz! esan diot eta bera etorri da poz-pozik ezpainak margotuta, gizaki baten kakaz margotuta, kasu honetan berak egin omen du mokordoaren dekonstrukzioa.

Bigarren sorpresa, zuhaitz bat dekoratua...

Txango hasieran muturrean kaka duen txakurra putzu batean garbitu duzunaren marka, usaina eskuetan. Eta hantxe, pentsakor nengoenean ea gizaki horrek zer jan ote zuen gorotza han utzi baino lehen, hara!, hostorik ez duen zuhaitz baten adarrean zerbait zintzilik. Buah txabal, urrutiko betaurrekorik gabe ikusi egin dut, norbaitek ahaztutako zerbait izango ote? Nire begiak enfokatzeko tokira ailegatu direnean, sorpresa!!! kaka!!! bai kaka!! kaka berriz ere, txakur kaka baina hau kinder sorpresa bezala aurkeztua. Dekorazio hau egin duenak, berak egin beharrekoa egin dut nik, jaso. Kaka askatu poltsatik, kakari ostikada eman eta bazter batean utzi. Zapatilaren punta zikindu dut. Pena! txakur txikia ez da etorri hau garbitzera. Nik kaka poltsa ondo tolestu eta beste txakur kaka poltsa garbi batean sartu etxeko zakarrontzian botatzeko.

Hirugarren sorpresa, ahateak katarroarekin.

Eskuoihal bustiak eta klinex pila bat urtegiko txokoetan... Ahateak katarroarekin ote? Ba ez jauna, garai honetako gizonek eta emakumeek ezin dute eraman bere zakil punta edo alu puzka bustita etxera? Kulero eta galtzontzillo gizajoek bere sena galdu dute, azken tantak xurgatzearena alegia... Pena gure txakur txikiak ez jakitea eskuoihalak erabiltzen, ziur nagoelako jan duen kakaren aldamenean horrelakoren bat zegoela... eskuoihal bustiak azken tantak xurgatzeko, hau paradoxa...

Etxera bueltatu naiz: kaka usaina eskuetan, zapata kakaz zikinduta, kaka poltsa beste kaka poltsa baten barruan eta nire zakilaren punta bustita, orain dutxan sartzen naizenean txakur txikia gordeko dut, agian azken tanta hori garbitu nahiko du, bera animalia baita.

Hurrengo asteburuaren ostean, sorpresa berririk aurkituko ote ditut? Ziur baietz, pertsonek arrazoimen animaliak baikara baina arrazoirik gabekoak...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago