Maiatzaren 20tik aurrera, Forondako aireportuak 24 orduz egingo du lan, asteko zazpi egunetan; salgaien zein bidaiarien trafikoarentzat izango da, 1980. urtean ireki zenetik lehendabiziko aldiz izango du baimen hori.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzatik egin dute iragarpena, eta jakinarazi dute datozen asteetan ingurumenaren jarraipena egiteko batzorde bat eratuko duela, Gasteizko aireportuaren inguruan dauden 78 etxebizitzen isolamendu akustikorako plana gainbegiratzeko.
"24 orduak berreskuratzeko urrats honekin, Forondako aireportuak lehiakortasuna irabazten jarraituko du", azpimarratu du Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak, eta esan du terminala eta bere ingurua birmoldatzeko lanak dagoeneko martxan daudela, "eta horrek aireportuaren garapenean aurrera egitea ahalbidetuko du".
Gasteizko aireportua 2019an hasi zen egun osoko jardunarekin, asteburuetan salbu. Erabaki honekin, ordea, larunbat eta igandeetan ere jardun ahal izango du.