Lehenengo aldia da udaberria etorri eta adi harrapatzen nauena. Lehenengo aldia da kazkabeltzaren kantu ozen hori entzun dudana, gure auzoan, bikote bila. Bat-batean hasi zen. Zein bultzadarekin? Non zegoen lehen? Zergatik ez nuen entzuten? Etxe ondoko arbola kimuak ernetzen hasi dela adi ikusi dudan lehenengo aldia ere izan da. Eta asuna loratuta ikusi dudan lehen aldia. Eta, bide batez, asunen moduko bi landare ezberdin daudela ere konturatu naiz: lore horidunak eta lore moredunak.
Egun batetik bestera, Salburuko soinuak nola aldatu diren ikusi dut. Txepetxa hasi da bere kantu indartsuarekin, hori ere bat-bateko kontua izan da. Neguan ia-ia bere itzala baino ezin nuen ikusi, landareen artean, eta bat-batean, zuhaitz gainean kantuan hasi da, bero-bero eginda, besteen begiraden beldurrik gabe. Eta, nola ez, ehunka zikoin etorri dira. Zein hegazti dotoreak diren. Uretan ahateak jada bikoteka ari dira igerian. Orain, kopetazuriak malaletxe erakustaldiak eskaintzen dizkigu maiz. Egun batzuen kontua izan da konturatzea naturak, asaldatuta, leherkor, ateak zabal-zabalik ireki dizkiola udaberriari. Azken poza enarak ikustea izan da, eta jakitea beraien bidaia luzearen ondoren, gure artean familia izateko aukera zinez aztertzen ari direla.
Baina hori ez da dena. Hau da lehen udaberria kazkabeltza, kimua, txepetxa, zikoina, kopetazuria eta beste hainbat eta hainbat hitz esaten dakidala, eta esaten ditudala, gainera. Udaberria etorri da benetan niretzako, ez bakarrik primavera.