Trabatuta daude gidabaimenak

Juanma Gallego 2021ko api. 10a, 10:00
Azterketak atzeratzen ari dira, eta horrek ikasleak uxatzen ditu. /ALEA

Gidabaimena lortzeko azterketa egiteko hiruzpalau hilabeteko itxaronaldia dago, eta egoerak 2.300 bat arabarri eragiten die. Aztertzaileen falta dago arazoaren oinarrian, profesionalen arabera.

Hilabete hauetan gidabaimena eskuratzeko azterketa praktikora aurkeztu nahi duten arabarrek hiruzpalau hilabeteko itxaronaldia dute aurrean. Egoera honetan, 2.300 bat ikasle daude, Arabako Autoeskolen Elkarteak egin dituen kalkuluen arabera. Kasu honetan, egoera ezin dakioke egotzi pandemiari, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren arazo estrukturalei baizik. Izan ere, elkarteak dioenez, duela bi astera arte hiru aztertzaile besterik ez zeuden Araban. Bajan denbora dezente zeraman laugarren bat sartu berri da, eta horrek pilatutako azterketen poltsa hori arinduko duen itxaropena dute autoeskoletako profesionalek. Ez da, ordea, luzaroan mantenduko den konponbidea, aztertzaile horrek erretiroa hartuko duelako datorren udaren ostean.

"Poltsa hori kentzea konplikatua izango da, ikasle berriak sartuko direlako itxaron zerrendetan. Askoz jota, poltsa hori egonkortuko da", aurreikusi du lurraldeko autoeskolen elkarteko presidente Pedro Davilak.

Davilaren arabera, 2020. urtean zehar bi aldaketa egon dira gidabaimena eskuratzeko azterketen alorrean: pandemiaren agerpena eta DGTk autoeskolen artean azterketak banatzeko martxan jarri duen sistema berria. Dena dela, horien eragina txikia izan dela dio presidenteak. "Benetako arazoa da DGTren plantilla oso urria dela. Egin diren kalkuluen arabera, Espainia osoan mila aztertzaile inguru falta dira. Eta hori, noski, ez da egun batetik bestera konponduko den gauza bat".

Dioenez, DGT egoera konpontzeko "adabakiak" jartzen ari da azken garaiotan, bitarteko funtzionarioen  bitartez edota trafiko alorreko guardia zibil batzuk azterketak egitera bideratuz.

Eskumen eske  

Egoera ikusita, Euskadiko Autoeskolen Federazioak estatuaren eskumena Eusko Jaurlaritzari transferitzeko eskatu dute. "Eskaera horren arrazoia ez da politikoa, administratiboa baizik", argitu du Davilak. "Euskadiko hiru elkarteok zinez uste dugu zaila dela sistemaren funtzionamendua are txarragoa izatea. Hemendik kudeatuta, agian gauzak desberdinak izan daitezke".

Eskumenen transferentzia aztertzaileen egonkortasuna bideratuko duela uste dute. "Hemen lan egiten duten aztertzaile asko kanpotik datoz, eta estatuko administrazioaren soldata dute. Baina Euskadin dagoen bizi maila handiagoa da, eta horregatik askok alde egiten dute".

Kalte gehien jaso dituztenak ikasleak direla gogorarazi du, baina erantsi du autoeskoletan ere kalte ekonomikoa nozitzen ari direla, egoera ikusita ikasle askok klaseak atzeratzea erabakitzen dutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide