Alavesek 2-9 irabazi dio Athletici FIFA21 Euskal Ligaren finalean

Erredakzioa 2021ko api. 6a, 16:34
Athletic 2 - 9 Alaves, Fifa 21 Euskal Ligaren finaleko emaitza. / GAME ERAUNTSIA

Bizitza errealean baino zorte hobea izan du Alavesek FIFA21 Euskal Ligan. Izan ere, Asitor19 bideojokalariak zuzendutako talde arabarrak Athletic garaitu du bideojoko txapelketaren finalean, 2-9 emaitzarekin.

Game Erauntsia Elkarteak, Gu Ere Bai! ekimenak eta Hamaika Telebistak elkarlanean antolatutako FIFA21 Euskal Liga igandean amaitu zen, Aberri Egunarekin kointzidituz. Beñat Zarrabeitia eta Olatz Foruria kazetarien eskutik, finala Hamaika Telebistaren eta Twitch plataformaren bidez jarraitu ahal izan zen, etxetik, euskaraz eta bideojokoen bitartez euskal selekzioa aldarrikatzeko helburuarekin.

Txapelketa 2020an sortu zen, pandemia betean isolamendu egoerari aurre egiteko. Aurtengo edizioa, bigarrena, martxoaren 1ean hasi eta apirilaren 4ra arte luzatu da. Guztira, 40 norgehiagoka baino gehiago jokatu dira eta 170 gol baino gehiago sartu. Euskal Liga izanik, soilik euskal taldeak erabiltzeko aukera izan da: Alaves, Athletic Club, Eibar, Erreala eta Osasuna.

Hori bai, Electronic Arts konpainiaren bideojokoak ez ditu emakumezkoen taldeak eskaintzen soilik selekzio nazionaletan—, eta, horregatik, gizonezkoen taldeekin jokatu behar izan da Euskal Liga.

Online txapelketaren irabazlea Alavesekin jokatu duen Asitor19 bideojokolaria izan da, Iker Zarragaren Atheltic Club taldearen aurka 9-2 gailendu ostean.

Euskal Ligaren antolatzaileak oso pozik agertu dira txapelketarekin: "Baliabide ederra izan da etxetik entretenitzeko, euskal komunitate birtuala indartzeko, euskaraz bideojokoetan aritzeko eta euskal kirola aldarrikatzeko".

 

Elkarlana

FIFA21 Euskal Liga bi elkarteren elkarlanaren emaitza izan da. Alde batetik, bideojokoen eta euskararen arteko harremana sendotzeko lagun talde batek 2014an sortutako eta 2016an erregistratutako Game Erauntsia elkartea izan da. Bestalde, Gu ere bai!, Euskal Herriko kirolariek euskal selekzioen ofizialtasunaren alde 2020ko martxoan sortutako ekimena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide