Alaves1 |
Celta3 |
Maldan behera eta balaztarik gabe. Alaves zulotik atera ezinik eta noraezean dabil. Behar beharrezkoa da ahalik eta lasterren burua altxatzea sailkapeneko azken postutik ateratzeko. Gero eta gutxiago falta da. Bederatzi partida, bederatzi final. Orain ez dago huts egiterik.
Bederatzi partida, bederatzi final. Orain ez dago huts egiterik
Talde arabarrak ez du inongo aukerarik izan Celtaren aurka. Izan ere, partida hasi bezain pronto, huts baten ondoren, Nolitok 0-1ekoa egin du zortzigarren minuturako. Handik gutxira, Aspasek bigarrena; eta emaitza borobiltzeko, 20. minutuan, Santi Minak hirugarrena egin du. Talde galiziarrak lehen hogei minutuetan hiru gol egin ditu, eta gehiago sartzeko aukerak izan dituzte.
Abelardok, partidaren nondik norakoa ikusirik, azkar egin ditu aldaketak, baina Alavesek hondoa jota bukatu du lehen zatia. Entrenatzailea etorri zenetik gauzak ez dira gehiegi aldatu. Okerrera egin dutela esan genezake. Izan ere, Lucas Perez berriz ere deialditik kanpo utzi du Celtaren aurka.
Bigarren zatian, talde galiziarrak garaipena eskuetan zuela ikusirik, minutuak pasatzen utzi du. Alavesek ahalegina egin du, gutxienez golen bat lortu ahal izateko, baina ez du gol aukera gehiegirik sortu. Celta 54’. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu da, baina etxeko taldeak ez du aukera hori baliatu talde galiziarra estutzeko.
Abelardo etorri zenetik gauzak ez dira gehiegi aldatu; okerrera egin dutela esan genezake
Partida besterik gabe joan da, eta azkenengo txanpan, 85’. minutuan, Lejeunek markagailua pitin bat txukuntzea lortu du. Dena den, taldea erabat burumakur joan da aldageletara. Ez dago tarterik atzera begiratzeko. Aste honetan buru-belarri aritu behar, eta hurrengo neurketan dena eman behar da hiru puntuak lortu ahal izateko.
Hurrengo partida, derbia izango dugu San Mamesen. Datorren larunbatean, 16:15ean, Athletic eta Alaves aurrez aurre izango dira. Aukera paregabea etxetik kanpo hiru puntuak lortzeko. Lehenengo finala, ea taldeak hiru puntuak eskuratzen dituen gora begiratzeko.
Hamaikakoak
- Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Duarte (35’. Javi Lopez); Pellistri (69’. Cordoba), Battaglia, Tomas Pina (56’. Borja Sainz), Luis Rioja (35’ Edgar Mendez), Jota Peleteiro, Joselu.
- Txartel horiak: 21’. Laguardia, 52’. Lejeune, 65’. Ximo Navarro, 84’. Edgar Mendez.
- Celta: Ivan Villar; Hugo Mallo, Aidoo, Murillo, Aaron Martín; Tapia; Brais, Denis Suarez (80’. Kevin), Nolito (56’. Fran Beltran); Aspas (87’. Ferreyra), Santi Mina (56’. Fontan).
- Txartel horiak: 24’. Aidoo, 87’. Kevin, 93’. Hugo Mallo.
- Txartel gorria: 1’ eta 54’. Murillo (bi txartel hori).
Golak
0-1: 8’: Nolito
0-2: 14’: Aspas
0-3: 20’: Santi Mina
1-3: 85’ : Lejeune
Mendizorrotzako futbol zelaiko harmailak
Ohi bezala, ikuslerik ez. Eguerdi polita futbolean aritzeko baita terrazetan partida ikusteko. Emaitzak ez du pozerako tarte handirik utzi eta hemendik aurrera Alavesek jokatuko dituen partida guztiak finalak izango dira. Hil ala biziko bederatzi neurketak izango dira. Epaileak Murillo atzelariari bi txartel horia erakutsi dizkio eta horren ondorioz gorria, lehen txartel horia lehen minutuan atera dio.
Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira
- Giro polita partida terrazetan ikusteko. Hau eguraldia! Ea lortzen ditugun hiru puntuak. Behar beharrezkoak dira. Aupa Alaves.
- Ea futbol pitin bat ikusten dugun! Kopako finalean gauza handirik ez genuen ikusi. Egia esanda, bigarren zatia erabat aspergarria izan zen.
- Beno, bada, ea hiru puntuak etxean gelditzen diren!
- Hamaikakoan aldaketak. Jota Peleteiro, Pina… Ea neurria ematen duten.
- Lehen minutuan eta txartel horia Murillo atzelariarentzat.
- Gol, Celtaren gola. Ufff, taldea ez dabil batere fin. Maila honetan eta babarrunak jokoan daudenean ez dago ezin dira huts horiek egin.
- Ea taldeak burua altxatzen duen!
- Gol, bigarrena, Iago Aspas, nola ez. Jokalari puxka! Zulotik zulora. Horrela jokatuta ez dago garaipena lortzerik.
- Baina, zer da hau, hirugarrena. Ez dago ezer egiterik!
- Ufff!! Horrela arituz gero zulora.
- Bigarren zatian ikusiko dugu, baina ez da ezertxo ere egiterik.
- Minutuak joan, joan eta taldeak lehenengo burutik lepoa. Galiziarrak hor ari dira hurrengo norgehiagoka pentsatzen.
- Lejeunek egin du. Gol honek ez du ezertarako balio. Baina beno, gutxienez, taldea gauza izan da egiteko.
- Hurrengo partida finala, Athleticen aurka. Bai ala bai, irabazi behar.