Koronabirusa

Ostalariek manifestazioa deitu dute apirilaren 10ean

Erredakzioa 2021ko mar. 31a, 16:39

Agerraldia egin dute goizean ostalariek. HUA/GAO
Arabako ostalarien elkarteek agerraldia egin dute goizean, LABIk hartutako azken neurriak salatzeko.

SOS Ostalaritza, Gasteizko eta Arabako ostalariak, Aenkomer Arabako Ostalaritza Elkartea, Kutxiko Taskeroak eta Ashovi elkartea haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzaren murrizketa berriekin. Gainera, azpimarratu dute "taberna eta jatetxeen itxierek" ez dutela "kutsatzeak geldiaraztea lortzen".  Manifestazioa deitu dute apirilaren 10erako, 19:00etan, Gasteizko Bilbo plazatik.

Ostalaritza "mehatxupean dago", esan dute. "Berriro ere gure kontra ari dira, inolako aukerarik eman gabe", salatu dute Arabako ostalariek; eta gaineratu dute Eusko Jaurlaritzak 400 euroko tasa ezartzea "asmakizuna" dela. "Barruan lan egiten uzten digute gero eta denbora gutxiago, eta terrazak ez dira errentagarriak lokal gehienentzat ", esan dute.

Ehuneko ehunean lan egin ezin duten taberna eta jatetxeentzat kalte-ordainak galdegin dizkiote Eusko Jaurlaritzari , eta soldata osatzeko LBET batean dauden langileentzat. Bestalde, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote 2020ko alokairuengatiko atxikipena itzultzeko, 2021ekoa bertan behera uzteko eta PFEZa murrizteko. Azkenik, udalei eskatu diete itzul ditzatela iazko terrazen eta zaborren tasak, eta aurtengoak ken ditzatela aurtengoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago