Eolikoen kokapena planik gabe proposatu izana egotzi diote Jaurlaritzari

Erredakzioa 2021ko api. 1a, 12:00
Parke eolikoen kokapenak polemika eragin du. / ALEA

EQUO alderdiak salatu du Eusko Jaurlaritzak asteazkenean abiatu duela energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala, baina Aixendar sozietateak iazko abendutik proposatuak zituela parke eolikoen kokapenerako proposamenak.  

Araban ezarri nahi dituzten lau parke eolikoen kokapena proposatzerakoan, lurralde plana ez izatea leporatu dio EQUOk Jaurlaritzari. 

Alderdiak prentsa ohar batean argitu duenez, asteazken honetan argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Arantxa Tapia ingurumen sailburuaren agindu bat, eta bertan zera eskatzen zaio Jaurlaritzari: energia berriztagarrien lurraldearen arloko plana martxan jartzea, energia berriztagarrietarako kokalekurik aproposenak zehazteko.

Halere, iazko abenduan aurkeztu zituen Aixendar sozietateak Araban lau parke eoliko jartzeko eskaerak, "plan horren planifikazioa eta ebaluazioa eskura eskura eduki gabe", alderdiaren hitzetan. Diotenez, Energiaren Euskal Erakundeak ez zukeen kokalekurik hautatzen hasi behar plan hori eskutan izan arte.  

"Ez dakite kokaleku horiek betetzen ote dituzten Lurraldearen Arloko Planean ezarriko diren lege eta ingurumen betekizunak, baina ezerk ere ez ditu geldiarazten, eta korrika hasi dira proiektuak izapidetzeko lanekin", dio alderdiko eledun Joserra Becerrak. "Agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak gure lurraldeko ondare kultural, historiko eta naturalaren kontserbazioarekiko duen errespetu eta konpromiso eskasa". 

EQUOk aurreratu du udaletan mozioak aurkeztuko dituela, lurralde plan horren tramitazioa osatu arte proiektuen tramitazioa gelditzeko eskatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide