Arabako Foru Ogasunak indartu egin du errenta aitorpena digitalizatzeko ahalegina, eta aurten 132.800 arabarrengana iritsiko da, alegia aitorpen guztien %72 etxera bidaliko ditu.
Halaxe iragarri du gaur goizean Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak 2020ko errenta kanpainaren aurkezpenean: "Helburua da aitorpena errazago eta seguruago egin ahal izatea, pandemiaren eta herritarrak babesteko beharrezkoak diren neurrien ondorioz denok bizi dugun ezohiko garai honetan”, azaldu du foru diputatuak.
2020ko errenta aitorpeneko berritasunetako bat da Rentafacil izeneko formulara sartu direla alokairuan bizi diren pertsonak eta etxebizitza bat alokairuan dutenak; hain zuzen, Aldundiaren web orrian osatu ahal izango dute aitorpena, hauei buruzko datuak sartuta: etxebizitza, alokairuaren etekinak edo alokairuaren kenkariak.
BAK gakoa aktibatzea
Aurten ere, arabarrak animatu ditu diputatuak BAK gakoa erabiltzera, zergadunek etxetik egin dezaten aitorpena, araba.eus webgunearen bidez. "Arabako Foru Aldundiak eguneko 24 orduetan eskaintzen duen zerbitzua da", esan du Itziar Gonzalok.
Gaur egun, 70.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen du BAK gakoa Foru Ogasunarekiko harremanetan. Sarbidea errazteko, Foru Ogasunak aktibazio kodea emango du Arabako zergadunei bidaliko dien jakinarazpen gutunean.
Bestalde, datuen babesa indartzeko, aurten, jakinarazpen gutuna bidaliko da, proposamenak eta zerga datuak bidali ordez. NANa eta jakinarazpenean adierazitako zenbatekoa sartuta, likidazioa onartu ahal izango dute, bai eta aitorpena ikusi ere, eta 48 orduko epean jasoko dute Foru Ogasunak itzuli behar dien zenbatekoa.
Rentared
Bitarteko digitalen bidez gizartearen eta Foru Ogasunaren arteko harremanean aurrera egiteko apustuan, espero da aurrerantzean ere gero eta pertsona gehiagok egitea aitorpena linean. "Rentared aukera bat izan zen zergadun askorentzat konfinamenduan, eta egiaztatu zen etengabe irekita dagoen Ogasunaren leihoa dela”, gogorarazi du Ogasun Saileko foru diputatuak.