'Aurrez aurre', AnneKdotas abeslariaren lehen bakarlanaren bideoklipa

Erredakzioa 2021ko api. 4a, 11:00

AnneKdotas abeslari olazagutiarrak Aurrez aurre estreinatu du martxoan, bere lehen bakarlanaren bideoklipa. Iris Audiovisual ikus-entzunezko elkarte gasteiztarrak Gasteizen eta Olatzagutian filmatutako lanak emakumeen ahalduntzeari kantatzen dio.

Gure gaurko protagonista konpositorea, piano-jotzailea eta aktorea da sei urte zituenetik. Gainera, berdintasunaren aldeko hainbat ekintzatan parte hartu du azken aldian: adibidez, duela gutxi, Arabako gazteak genero indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko kanpaina baten barruan, A golpe de palabra antzezlanean parte hartu du, aktore gisa. Bestalde, Aguraingo Dupla taldeko Garyrekin batera, musika eta ligoteoari buruzko tailer bat egiteko aukeratu dute.

Musikari dagokionez, erritmo urbanoei lotuta, AnneKdotasek bere abestien instrumentalak eta hitzak sortzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz. Betiere, musikarekin mezu feminista bat helarazi nahi die belaunaldi berriei: "Ahaldunduta senti daitezen, gure nortasuna galdu gabe", azaldu du abeslari nafarrak.

Zigilu arabarreko bideoklipa

Aurrez aurre bideoklipa Iris Audiovisual ikus-entzunezko elkarte gasteiztarrak sortu du, David Alvarez zuzendariaren eskutik. Gainera, Araba eta Nafarroa artean filmatu da: Gasteizen, 40 urte bete dituen Arabako Batzar Nagusien eraikinean grabatu dira bulegoko eszenak; bestalde, Olaztiko Cementos Portland Valderrivas fabrika ezaguna ere agertzen da bideoan.

AnneKdotas hainbat zuzendaritza-postutan agertzen da bideoan, eta abestia "emakumeen ahalduntzeari buruzko ereserkia" dela azpimarratu du: "Niretzat oso garrantzitsua zen nire sustraiak eta nire lagun kuadrilla bideoan ikustea, ahaldunduta eta bere jendeak babestuta".

Bizitza osoa musikari lotua

Sei urterekin hasi zen pianoa jotzen, eta hamabi urterekin bere lehen taldea sortu zuen: Auskalo, ikastolako lagun batzuekin batera, Nafarroako haur kantarien jaialdian parte hartzeko. 2016an, konposizio musikal onenaren saria jaso zuten, Amorru malkoak lanagatik. Ondoren, Potroberoak punk taldean korista eta teklatu jotzaile gisa aritu zen; beranduago, bere lagunekin batera sortutako Noise Fucktory heavy metal bertsio taldean.

2020an AnneKdotas bezala bere bakarkako bideari ekin aurretik, 2019ra arte Joaquin Sabina gasteiztarraren Sabin Joaquina y veciversa tributu taldeko kide ere izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide