Ekainaren 5ean Gasteizko kaleak berreskuratzeko dei egin du herritar talde batek

Erredakzioa 2021ko mar. 29a, 16:22

Gasteiztar talde batek Que no nos quiten lo bailao herri ekimena sortu du. Ekainaren 5ean Gasteizko kaleak hartzeko dei egin dute, pandemian zehar "herritar zein kolektiboek egindako lan guztia" aitortzeko eta udari ongietorria emateko.

Bideo baten bitartez aurkeztu du bere burua Gasteizen sortu berri den herri ekimenak. Que no nos quiten lo bailao du izena, eta gasteiztarren egutegian data bat gorriz markatu du: 2021eko ekainaren 5a. Izan ere, urtebete da Covid-19a gurera iritsi zela, eta herritar zein kolektibo ezberdinek denbora horretan egindako lan guztia ospatzeko unea iritsi dela deritzote.

Plazaratutako bideoan gogora ekarri dutenez, pandemiarekin batera, "kezka, beldurra eta ezinegona" iritsi ziren gurera. "Ez genekien zer zetorkigun, ezta zenbat iraungo zuen ere. Baina, ordurako, sumatzen genuen geu ginela egoera hartatik ateratzeko geneukan irtenbide bakarra. Herriak bakarrik salba zezakeela herria", azpimarratu dute.

Herritarren ardura

"Herritar antolatuek, beste behin, udal, gobernu eta gainontzeko instituzioei aurre hartu zioten", nabarmendu dute, besteak beste, Kutxiko tabernarien jokabidea goraipatuz: "Haiek izan ziren lehenak herritarren segurtasunagatik beraien ateak ixten, inoren aginduei itxaron gabe". Nola ez, pandemiaren hasieran auzokideen beharrizanak bermatzeko sortutako Batera zaintza sare herritarra ere izan dute gogoan. Horrekin batera, fabriketako langileen plantoak, kulturgile zein artisten ekarpena eta osasungintzako langileak ere.

"Udal eta gobernuen arduragabekeriaren gainetik, herritarrok izan gara, gure onena emanda, sormena baliatuz eta elkar zaintzeko bitartekoak bilatuz, egoerak eskatzen zuen erantzukizunez jokatu dugunak. Gu, eta ez haiek. Ez dezagun ahaztu", adierazi dute. "Orain, ematen du herritarrak garela egoeraz jabetzen ez garenak. Herritarrei lezioak ematen tematu beharrean, gu guztiona den diru publikoa osasungintzan inbertituko lukete", kritikatu dute.

Ekainaren 5ean, ospakizuna

Oraingoz ez dute xehetasun handirik eman ekainaren 5eko egitarauari buruz, baina 2021 "kaleak hartzeko eta, inoiz baino gehiago, elkarrengandik gertu egoteko urtea" dela uste dute. Hortaz, ospakizun egunaren helburu nagusia "herritar zein kolektibo ezberdinek egindako lan guztia" aitortzea eta udari "behar bezalako ongietorria" ematea izango da.

"Ez diezagutela dantzatutakoa kendu; dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago