Bizi gira... kutxa bira egitasmoa martxoaren 20an abiatu zen Viedmatik, Argentinatik, eta Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatuko ditu maiatzaren 30era bitartean. Tartean Aramaio, Laudio, Izarra, Agurain, Bastida, Villabuena, Kanpezu, Oion, Argantzon, Trebiñu eta Gasteiz.
Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra izeneko mezua gordetzen duen kutxa bidaiaria da ekimenaren oinarria, eta euskal diaspora eta Euskal Herria batzea helburua. Egitasmoan parte hartzen duen herri bakoitzak, gainera, aldarrikapen bat sartuko du kutxa barrura, eta hurrengo herriari gonbidapen agurra idatziko dio. Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion manifestua herri guztietan irakurriko da.
Lehena eta azkena
Euskararekiko atxikimendua eta herri izatearen kontzientzia pizteko, Segura eta Urruñako hainbat herritarren arteko ekimen politiko-kulturala antolatu ohi du Iparra Hegoa elkarteak udaberriro, azken 26 urteetan. Aurten, ordea, Covidaren pandemia medio, ohiko egitaraua antolatzea ezinezkoa zenez, Bizi gira... kutxa bira ekimena martxan jarri dute.
Beraz, aurten egingo dute Kutxa biraren lehen edizioa eta, ahal dela, azkena izatea espero dute, Iparra Hegoa elkarteko kideek zehaztu dutenez. Izan ere, pandemiaren ondorioz egin izan ez diren beste ekimen batzuk behin behinean ordezkatzea da ekimenaren xedea. "Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak kalte emozionalak eta nortasun kalteak eragin dizkigu, eta horren ondorioa da Kutxa bira", azaldu du Pello Aranzabalek, Iparra Hegoako kideak.
Apirilean Euskal Herriratuko dira Argentinako Viedma- Patagonesko Aberri Etxeak bidalitako kutxa eta mezuak, herriz herri ibiltzeko asmoz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kutxaren iritsierarekin hainbat herritan ekitaldiak antolatuko dituzte. "Herri bat garela eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu Kutxa Biran. Kutxa aldarriz eta ametsez beteko dugu bi hilabetean zehar", esan dute antolatzaileek.
Laudion dagoeneko herriko lantalde bat osatu dute, kutxa iristen denerako egitaraua osatzeko, baita Barrundian eta Lautadako beste zenbait udalerritan ere