Energia aldaketa laguntzeko finantzaketa plana abiatu du Aldundiak

Erredakzioa 2021ko mar. 25a, 09:00

Eguzki-plakak jartzea finantzatuko du Aldundiak, besteak beste. ALEA

Arabako Foru Aldundiak 164.000 euro bideratuko ditu energia jasangarritasunerako ekintzak bultzatzeko. Dirulaguntzak udalerri eta kontzejuei emango zaizkie, 2021ean eta 2022an.

Arabako Foru Aldundiak energia berriztagarrien aldeko trantsizioa egiteko hainbat motatako ekintzak lagunduko ditu lurraldeko udalerrietan eta kontzejuetan. Dirulaguntza 164.000 eurokoa izango da guztira; 44.000 euro aurtengo ekitaldirako, eta gainerako 120.000 euroak 2022. urterako. Laguntzen zenbatekoa gehienez 75.000 eurokoa izan daiteke proiektu bakoitzeko.

Aldundiaren babes ekonomikoa energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazioak eta ekipamendua sortzeko bideratuko da, bai aprobetxamendu termikoko sistemak bai elektrizitatea sortzekoak ere: eguzki energia termikoa, energia fotovoltaikoa, minieolikoa, biomasa, geotermia eta minihidraulikoa. Gainera, inbertsioak jasotzeko aukera izango dute udalerriek eta kontzejuek instalazio horien bideragarritasunaren azterketak egiteko eta proiek- tu teknikoak idazteko. Bestalde, laguntzak emango dira ibilgailu elektrikoak erosteko, betiere erakunde publikoen titulartasunekoak eta horien erabilerarako baldin badira. Horren harira, dirulaguntzak aurreikusi dira, baita ere, halako ibilgailuen kargaguneak herrietan instalatzeko.

Trantsizio energetikoan laguntzeko aurrekontuan sartzen dira ere bestelako gastuak: eguzki argiztapenerako ekipamenduak, monitorizazio ekipoak, ordutegia programatzeko gailuak eta kontsumitutako energia benetako eskarira egokitzeko bitartekoak.

Bigarren atal batean, eraikin eta ekipamenduen inbentario energetikoak, parke mugikorren eta argiteria publikoen instalazioak, kontsumoen kontrola, ikuskaritzak eta eraginkortasun ziurtagiriak, eta ekintza energetikoen proiektuak eta mugikortasuneko planak lagunduko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide