Ibilbide gidatua Judimendin, kontsumo arduratsua sustatzeko

Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 10:00
Zentzuz sareak bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzen du. / SETEM

Ostiral honetan, martxoaren 26an, kontsumo arduratsuari buruzko ibilbide gidatua egingo da Judimendi auzoko saltokietatik. Tokiko kontsumoaren eta bidezko merkataritzaren aldeko Zentzuz sareak antolatu du.

Zentzuz sarea, Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuaren Gasteizko Sarea, 2020. urtearen amaieran aurkeztu zen. SETEM, Mugarik Gabe, Bide Bidean eta Medicusmundi Araba GKEek bultzatzen dute, Gasteizko Udalaren babesarekin.

Orain, Auzoan geratu eta zentzuz kontsumitu lelopean, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza hirian sustatzeko kanpaina berezia aurkeztu du sareak. Kanpaina horrek Gasteizko herritarrak tokiko kontsumoaren alde inplikatu nahi ditu, baita kontsumo arduratsua praktikan jartzeko moduak ikusarazi ere.

"Xedea da gure erosketa saskiaren bidez eragin positiboak lor ditzakegula ingurumenean zein gizartean, bai gure ingurune hurbilean, baita urrutiago dauden lekuetan ere; izan ere, kontsumitzen dugunaren bidez konektatuta daude errealitate horiek", azaldu dute kanpainaren sustatzaileek.

Kanpainaren inguruko informazioa, argitalpenak eta infografiak zabaltzeko, #AuzoanGeratu eta #ConsumeLoJusto traolak erabiliko ditu Zentzuz sareak bere sozialetan.

Bisita gidatua Judimendin

Kanpainari lehen bultzada bat emateko, Zentzuz sareak bisita gidatua antolatu du ostiral honetan, martxoaren 26an, Judimendi auzoan, 17:30etik 18:30era. Horren bitartez, denda txikiak ikusarazi nahi dituzte, eguneroko bizitzan kontsumo arduratsua praktikan jartzeko pista batzuk eskaintzearekin batera.

Ordubeteko ibilbide horretan, kale izendegian agertzen diren auzoko hainbat saltoki bisitatuko dituzte, bidezko merkataritzak eta kontsumo arduratsuak tokiko ekonomian duten garrantziaz hausnartzeko, modu praktiko batean.

Bisita doakoa izango da, baina, pandemia garaiko jarduera guztietan bezala, izena ematea beharrezkoa da, edukiera kontrolatu ahal izateko. Beraz, egitasmoan parte hartu nahi duten lagunek zentzuzkontsumitu@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 945 28 80 31 telefono zenbakira deitu beharko dute.

 

Kontsumo arduratsua, zertarako?

"Kontsumo neurritsua eta kritikoa sustatzen da kontsumo arduratsuaren bidez", azaldu dute Zentzuz sareko kideek. "Horrela jokatuta, erosketaren ondorioak eta produktuen jatorria zein ekoizpen baldintzak kontuan hartzen dira".

Bidezko merkataritzako produktuen alde eginez, produktu horiek ekoitzi dituzten pertsonentzako "bizitza duina" ahalbidetzen dela uste dute: "Pobreziarekin amaitzen, nekazaritza iraunkorra sustatzen, genero berdintasuna lortzen eta desberdinkeriak murrizten laguntzen du, besteak beste".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide