Etxebizitza bermatzeko lege baten alde mobilizatu dira Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 09:00

Dozenaka lagun bildu ziren larunbatean, Gasteizen. / Argazkia: KALERATZEAK STOP

Etxebizitza bermatzeko lege baten alde, inor ez kale gorrian lelopean, dozenaka lagun bildu ziren larunbatean Gasteizen, etxebizitza eskubidearen aldeko euskal ekimenak deitutako mobilizazioan.

Lehen aldiz azken 43 urteetan, Espainiako Gobernuak etxebizitza eskubidea bermatzeko helburua duen estatu mailako Etxebizitzaren Legea aurkeztuko du laster. Denbora horretan, etxebizitza lege autonomikoak baino ez dira onartu, eta, gainera, horiek guztiak Espainiako Konstituzio Auzitegiak murriztu egin ditu, estatuaren eskumenak edo jabetza eskubidea urratzen dituztela argudiatuz.

Horren aurrean, etxebizitzaren aldeko ekimen bateratua eratu dute, eta larunbat honetako mobilizazioarekin aurkeztu dute, lege horrek etxebizitza "pertsonen eskubide subjektibo gisa" onar dezan eta "inork kalean bizi behar ez izan dezan".

Gainera, honako kolektibo hauek bat egin dute ekimenarekin: Pentsionistak Araba, Arabako Pentsionistak Lanean, Bizitza Duinaren Alde, Argilan, Pentsiodunen Arabako Koordinadora, Inor Ez Etxerik Gabe mugimendua, Arabako SOS Arrazakeria, Pobreza Zero, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Kaleratzeak Stop Araba eta, azkenik, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK eta CNT sindikatuak.

Mobilizazioan azaldu zutenez, ekimen bateratuak "bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatzen dituen nazioarteko zuzenbidea errespetarazten duen lege bat" nahi dute. Alokairu sozialeko parke publikoa zabaltzea exijitzen dute, "gutxienez estatuko aurrekontuaren %2 bideratuz"; horrez gain, alokairuak diru sarreren arabera arautu eta espekulazioa eragotziko duen legea nahi dute.

"Uraren, argiaren, gasaren eta telekomunikazioen oinarrizko hornidurak bermatuko dituen legea, arrakala digitalarekin amaitzeko", gaineratu dute. "Hipoteka-zordunentzat bigarren aukera eraginkorra erraztu eta finantza eta higiezin-abusuen aurkako neurriak ezartzen dituena; eta espekulatzaileei zein errenta handienei mesede egiten dien fiskalitatearekin amaituko duena".

Amaia eta Begoña: horietako batek lau seme-alaba adingabe ditu eta etxegabetze-agindua etenda dago; besteak, Kutxabanken duen hipotekak eragindako ordaintzeko ezintasuna du, 2008ko krisiaren ondorioz.

 

EAE: bost urte legea aplikatu gabe

"Euskadin mobilizatzeko arrazoi bat gehiago dugu. Euskal Etxebizitzaren Legea onartu zenetik bost urte igaro ondoren, ez da garatu ezta aplikatu ere", salatu dute. "Ez da kasualitatea EAJ eta PSE, Eusko Jaurlaritza osatzen dutenak, alokairu espekulatiboak kontrolatuko dituen eta ekimen pribatuari premia biziko ondasun batekin espekulatzea eragotziko dion estatuko Etxebizitzaren Legea aurrera ateratzearen aurka agertzea Kongresuan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago