Urtebete igaro da koronabirusak guztion bizitzak hankaz gora jarri eta hildakoak eragiten hasi zenetik, eta Arabako Babestuk, egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen zein etxean bizi diren adinekoen senideen elkarteak, omenaldia antolatu zuen larunbatean, hilaren 20rako. Hain justu ere, Gasteizko Diputazio plazan bildu ziren, denbora tarte horretan hildako zein bizirik ateratzen ari direnei nagusiei "omenalditxo" bat egiteko.
Senideek azpimarratu dute ez dutela ezer ospatzeko, baina bai "asko" aldarrikatzeko: "Gure adinekoei ematen zaien asistentzia-kalitatea ez da ona, asko dago hobetzeko, eta aldatu egin behar da", nabarmendu dute.
Interes pribatuen alde
Salatu dute mendekotasuna duten pertsonen zaintzak "agerian geratu" direla eta, "ustez" egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen zein etxean bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzeko sortu ziren legeak, "administrazio desberdinetako kutxetan" daudela gordeta eta zaurgarrienak deitzen dituzten horiek "alde batera utzi" dituztela. Arbuiatu dute adinekoak defendatu beharrean, "interes pribatuak babestu" dituztela administrazioek, "egoitzekin, etxez etxeko laguntzekin eta abarrekin irabaziak lortzen ari direnekin".
Arabako Babestuk gogorarazi du hainbat kolektibok pandemia hasi aurretik adinekoentzako arreta zerbitzuen "babesgabetasun egoera" salatu zutela, baita zerbitzu horiek ematen dituzten langileena ere. "Pandemiaren kudeaketa eta haren ondorioak gure adinekoen zaintzaren kalitate txarraren isla dira. 200 pertsona baino gehiago hil dira Arabako egoitzetan eta eguneko zentroetan. Erabateko bakardadean hil dira", salatu dute.
Gaineratu dute zenbait egoitzatan egoiliarren "ia %100" kutsatu bada ere, ikuskapen ezberdinek ez dutela irregulartasunik aurkitu eta "dena oso ondo" egin dela. Baina, elkartearen arabera, Diputazioak gaiaren inguruan egindako balorazioek "argi" uzten dute "gure adinekoen ongizatearekiko interes falta".