Atletico Madril 1 - 0 Alaves

Alavesek itxura ona eman du, baina ez da nahikoa izan

Ibon Gorrisi 2021ko mar. 21a, 22:10
Argazkia: @Alaves

Atletico Madrilen aurka berdinketa eskuetan izan du Alavesek, baina azken unean Joseluk penaltia huts egin du.

Atletico Madril

1

Alaves

0

Maldan behera joaten denean, dena kontra izaten da. Alavesek aukera paregabea izan du liderraren etxean puntu bat lortu ahal izateko. Baina taldea zorterik gabe ari da; 86. minutuan, Joseluk banako berdinketa jartzeko penaltia izan du, baina Oblak atezainak gelditu du. Pena, pena ikaragarria. Aurreko partidetan baino itxura hobea eman du Wanda Metropolitanon, baina ez da nahikoa izan. Jaitsiera postuetan jarraituko du, baina susperraldirako urratsak eman ditu.

Joseluk banako berdinketa jartzeko penaltia izan du, baina Oblak atezainak gelditu du

Lehen zatian, talde arabarrak oso neurketa polita jokatu du. Ez da atzealdean sartu, eta presio ikaragarria egin du aurrealdean. Une ia-ia guztietan partida kontrolpean izan du, eta Atletico Madril ez da gauza izan gol aukerarik egiteko. Alavesek, bere aldetik, aukera garbia izan du Joseluren bitartez, baina aurrelariak ez du asmatu. Sentsazio onak izanik, aldageletara joan dira.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Luis Suarezek baloia buruz bidali du sareetara, eta 1-0koa jarri du markagailuan. Talde handiek horixe bera dute, gol aukera bakarra izan partida osoan eta hori sareetara bidali. Atletico Madrilek etekin paregabea atera dio egindako jokaldi bakarrari, neurketa bideratzeko. Hortik aurrera, talde madrildarra atzealdean sartu da, eta zain izan da kontraeraso batean bigarren gola egiteko. Halere, Alavesek bere horretan jarraitu du, eta behin eta berriz aritu da berdinketaren bila.

Baina gauzak nolakoak diren! Arriskurik gabeko jokaldi batean, Savic atzelariak area barruan Luis Riojaren aurpegian ukondoz bete betean jo du, eta epaileak, VAR ikusi ondoren, penaltia adierazi du. Partida amaitzear, eta aukera paregabea banako berdinketa jartzeko markagailuan. Joseluk indartsu jaurti du, baina Oblak atezainak desbideratu du. Hau pena hau! Badirudi gauzak gaizki doazenean dena gaizki ateratzen dela. Dinamika petralean sartuta dago taldea. Betis eta Cadizen kontra garaipena eskuetatik egin zion ihes, eta oraingoan merezitako puntua joan zaio azken unean.

Partidan zehar izandako sentsazio on horiek burua altxatzeko balio behar dute, eta hurrengo neurketan garaipena lortu beharra dago. Celtaren aurka izango da apirilaren 4an, Mendizorrotzan, 14:00etan. Dena eman behar da hiru puntuak lortu ahal izateko.

Hamaikakoak

  • Atletico Madril: Oblak; Savic, Gimenez, Hermoso; Koke; Trippier, Llorente, Lemar (75’. Saul), Carrasco; Correa (75’. Herrera), Luis Suarez.
    • Txartel horiak: 76’. Carrasco, 85’. Savic, 92’. Saul.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia (71’. Tachi), Lejeune, Duarte; Pellistri, Battaglia, Pere Pons (79’. Borja Sainz), Jota Peleteiro (71’. Abdallahi);  Joselu, Edgar Mendez (60’. Luis Rioja).
    • Txartel horiak: 33’. Jota Peleteiro, 88’. Battaglia.

Golak

  • 1-0: 54’. Luis Suarez

Wanda Metropolitano futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez harmailetan. Taldeak partida ia-ia guztietan ezbeharrak izaten ditu. Txartelak, lesioak... beti zerbait dago. Oraingo honetan, Laguardiak berdegunea utzi behar izan du, min hartuta. Epaileak bi aldiz erabili du VAR, eta bietan talde arabarraren aldekoak izan dira hartutako erabakiak. Lehen zatian, Edgar Mendezek eskuz desbideratu du baloia, baina epaileak, jokaldia ikusita, ez du penaltia adierazi. Bigarren zatian, ordea, VAR kontsultatu ondoren, Alavesen aldeko penaltia adierazi du.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Partida gogorra, liderraren aurka, gainera Wanda futbol zelaian. Berdinketa, puntu bat urratzea ez legoke batere gaizki izango.
  • Aldaketak hamaikakoan. Aspaldiko partez Jota Peleteiro hasieratik arituko da. Ea zerbait egiten duen! Orain arte gauza gutxi erakutsi ditu. Pellistri, ordea, ari da joko maila ona ematen.
  • Beno, bada, lehendabiziko minutuak onak izan dira. Taldea oso ondo jarrita dago berdegunean. Ea horrela jarraitzen duen!
  • Penaltia izan daiteke. Ufff, eskerrak, eskerrak VARren laguntzaz ez duela penaltirik adierazi. Susto galanta hartu duguna!
  • Zortea behar beharrezkoa baita partida hauetan.
  • Joseluk, zer aukera izan duen!, Holakoak barrura. Aukera horiek aprobetxatu egin behar dira.
  • Momentuz taldea ondo ari da. Partida kontrolpean. Baina, goi mailako jokalariak ditu Atletico Madrilek. Luis Suarezek jaurtiketa bikaina egin du eta gutxigatik kanpora.
  • Hutsean lehen zatia. Partida lehiakorra jokatu du taldea. Ea bigarren zatian bide beretik joaten den.
  • Beno, bigarren zatia martxan. Kontraerasoren bat aprobetxatuz gero, izugarria izango litzateke.
  • Gol, Suarezen gola. Hori da gertatzen dena talde handi-mandi hauekin. Aukera bakarra partida osoan eta saretara.
  • Maldan gora jarri da partida. Taldeak ez du batere zorterik izaten. Partida lehiakorra.
  • Savic atzelariaren umekeria. VAR ikusi ondoren, penaltia eta txartel horia. Zorte pitin bat behar da eta horixe da.
  • Joseluk, Joseluk, Joseluk jaurti du eta Oblakek gelditu. Asmatu behar da, era honetako aukerak galtzeak zulora eramaten zaituzte.
  • Ezin, ezin, baina aurrera begiratu behar. Ezina ekinez egina.
  • Hurrengo partida Celtaren aurka, irabazi, irabazi, besterik ez du balio.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide