Gasteizen, kafe onenen bila

Erredakzioa 2021ko mar. 18a, 13:53

Kafe zapore berriak deskubritzeko aukera izango da. / Pixabay

Besteak beste, 29 egile-kafe dastatzeko aukera izango da apirilaren 18ra bitartean antolatutako Kafearen hilabetean.

Bihar hasi eta apirilaren 18ra bitartean, kafea izango da protagonista beste behin Gasteizko hainbat denda eta kafetegitan. Gasteiz On elkartearen eskutik, Kafearen astea zena Kafearen hilabetea izango da aurten, eta 54 eztablezimenduk parte hartuko dute; 67 proposamen izango dira horietan, egile-kafeak eta gozokiak tartean. Eskaintza horrekin bat egingo dute zenbait saltokik, promozio bereziak eta bestelako jarduerekin.

Kafea gustuko dutenek eta zapore berriak deskubritzeko prest daudenek hilabete honetan zehar kafe bereziak egingo dituzten 29 establezimenduetara hurbiltzeko aukera izango dute. Horietan guztietan sorkuntza propioak, konbinazio bereziak edo egile-proposamenak aurkituko dituzte.

Bestalde, kafearekin batera gozo itxurako proposamen gastronomiko bat egin nahi dutenek, parte hartzen duten 37 establezimenduek eskainitako proposamenen batekin gozatu ahal izango dute. Bertan, kafea bakarrik, moztuta edo esnearekin eta artisau gozoekin egongo da 2,5 euroan. Pantxinetak, esne frijitua, dorretxoak, bizkotxoak, browniak, tartak eta beste hainbat gozokirekin osatuko da zapore karta hau.

Kafe-jarduera digitalak

Ekimen honetan, gainera, aurten zenbait jarduera digital izango dira. La Brasileña kafe etxearen eskutik, instagram bidezko saio bat izango da kafeontzi onenen inguruan. Martxoaren 30ean, 18:00etan izango da. Bestalde, Foronda kafe etxeak bere sare sozialetan eta Gasteiz On-eko sareetan kafearen inguruko bi bideo jarriko ditu: "Kafea iragazteko metodoaren arabera prestatzea" eta "Nola egin kaputxino on bat etxean kafe-makina italiar batekin". Fortaleza etxeak kafearekin prestatzeko errezetekin bideoa jarriko du bere sareetan eta elkartearen sareetan. Gainera, parte hartzen duten enpresen produktu-loteen (Fortaleza, Foronda, La Brasileña eta Kaiku) eta tokiko dendetan gastatzeko txartelen zozketak egingo dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide