NATURA ZIENTZIEN MUSEOA

Natura ondare ikusgarri baten elixirra

Juanma Gallego 2021ko mar. 19a, 07:00

Museoaren bilduma osoaren lagin txiki bat baino ez da erakusten egoitzan, horretarako leku nahikoa ez dutelako. /ALEA

Arabako Natura Zientzien Museoa Arabak duen bioaniztasun bikainaren isla da, eta haren pareten artean aurkikuntza eta ikerketa ugari egin dira. Ezin konta ahala istorio biltzen ditu barruan, eta are gehiago dira erakutsi gabe geratu behar izan direnak.

Ea ba, Instagramen den-dena ikusita duzula uste duzun zerori, mugitu alde batera eta eutsidazu kubata: duela 25-45 milioi urte argazkilari batek jaiotza xume bezain berezia betikotu zuen. Lore baten petaloen gainean arrautzatik jaiotako har kumetxoak dira, bizitzan lehen pausuak edo, hobe esanda, lehen arrasteak ematen. Lasai ba, ez gara erotu. Garai horretan ez zegoen argazkilaririk, baina, praktikan, ia-ia horren berdina da. Txiripa aritu zen argazkilari gisa, eta erretxina tanta batek argazki kamera lanarenak egin zituen. Une intimo eta epiko hori gaizki bukatu zen zizaretxoentzat, baina XXI. mendeko gizakumeentzat pare bat zentimetro eskaseko anbarean kabitzen den altxor preziatua da.

Jesus Alonso geologoa anbara gordetzen duen beira arasaren aurrean dago. Ez da, behin hizketan hasita, aise baretzen den horietakoa. Azken hamarkadetan Arabako Natura Zientzien Museoaren arduradun gisa bildutako eskarmentu mordoa igartzen zaio hitz jarioan. Naturaren mirariak kontatzeko prestutasuna eta ilusioa ditu. Eta badirudi Alonso dela, hain justu, museoaren pertsonifikazioa bera: ezagutza eta jakin-min mordoa erakutsi nahi, baina oso leku gutxi horiek guztiak merezi bezala azaldu ahal izateko.

"Hor barruan ikusten dituzunak ez dira fosil arruntak. Berez, prozesuen fosilizazioak direla esan genezake. Guzti-guztiek istorio bat kontatzen dute". Alboko beste anbar batean mikrokosmosean aspaldi gertatutako beste hondamendi nimiño bat azaltzen da. Inurriak dira, estu eta larri, barailetan larbak dituztela. Haien ondorengoak salbatu nahi dituzte, inurritegitik ateraz. Gaur egun uholde bat gertatzen denean egiten duten berdina, hain zuzen. Biziraupenerako estrategiak gutxi aldatu dira milioika urtetan zehar.

"Jendeak jakin behar du guztiz berezia den toki batean bizi garela". JESUS ALONSO

Anbararen aretoa da bisitariari ongi etorria ematen diona, baina azken hamarkadetan ondare paleontologiko, biologiko eta geologikoari lotutako bilduma oparoa erakusten du museoak. Halako zientzia erakunde batean, laginen kopuruari soilik ez baizik haren kalitateari erreparatu behar zaio, halabeharrez. Kopuruei dagokionez, nahi beste datu eman daitezke: 22.000 mineral inguru —penintsulari buruzko bildumarik handiena, seguruenera—, 20.000 bat fosil... Ezinbestean, horien guztien lagin txiki bat besterik ezin da erakutsi erakundearen egoitzak dituen 300 metro karratu eskasetan. Baina, horrez gain, bildumen kalitatea bera da museoari garrantzia ematen diona. Izan ere, hein handi batean naturalista eta ikertzaile talde batek egindako ekarpenetan oinarritzen da gaur egun Gasteizko Otxanda Andrearen dorrean ikusgai dagoena.

Ikerketen loraldia bereziki 1970ko hamarkadan abiatu zen. Besteak beste, Pedro Maria Uribe-Etxebarria botanikoa aipatu beharra dago. Tamalez, 2013an auto batek harrapatu zuen. "Izugarrizko lana egin zuen, eta kale eta estatua bana izatea merezi du", nabarmendu du Alonsok. Carmelo Corral, Patxi Heras, Marta Infante edo Conrado Tejado dira azken hamarkadetan nabarmendu diren beste ikertzaileetako batzuk.

Zientzia jarduna

Urte hauetan guztietan, aditu hauek ez dute aspertzeko beta askorik izan. Berez, normalean horri erreparatzen ez badiogu ere, Arabak bioaniztasun izugarri handia du. Ezaugarri geografikoen arabera sortzen da aberastasun hori. "Alde atlantikoa eta mediterraneoa ditugu, eta, mendilerroen arabera, trantsizio guneak ere baditugu", azaldu du Alonsok. Oparotasun hori landaredian nabarmentzen da, adituaren arabera. Hala, Britainia Handi osoan duten landaredia baino oparoagoa da gurea. "Orotara, zazpi landaredia unitate ditugu. Jendeak jakin behar du guztiz berezia den toki batean bizi garela". Naturalistek egindako lanaren ondorioz, herbario garrantzitsu bat osatuz joan zen. "Ez zuten egin biltze hutsagatik. Bilduma hori zientzia jardunaren ondorioa izan zen".

Adituak behin baino gehiagotan nabarmendu du zientzia lan horren garrantzia. "Orain modan jarri dira tokian tokiko interpretazio guneak, baina horiek ez dute betetzen museo baten funtzioa", ohartarazi du. "Beira arasetatik harago, zientzia egiten den tokia da. Lantalde bat izan ohi du inguruan, ezagutza eskuratzen eta zabaltzen. Guztion ondarearen kontserbazioaren berme dira, eta zientzia ikerketak burutu ahal izateko ezinbesteko tresnak ditugu". Zentzu honetan, bildumen garrantzia aldarrikatu nahi izan du. "Orain modan dago dena biologia molekularrean oinarritzea, eta ematen du landare bati tresna bat txertatuta, DNA bitartez identifikatzea posible dela". Aditu askoren artean naturarekiko ezagutza falta dagoela uste du geologoak. "Askotan, ikerketak egiten dituztenean, ez dira gai landan landare bat aurkitzeko, eta laguntza eske etortzen dira".

Javier Fernandez Bordegarai Arabako Museoen eta Arkeologia zerbitzuko zuzendaria bat dator erakunde horien garrantziari dagokionez. Haren esanetan, ikertzeko modua asko aldatu da. "Lehen ikerketak beste erritmo batean egiten ziren. Orain, diru laguntzak eta proiektuak eskuratu nahi badituzu, emaitza azkarrak behar dituzu, eta inpaktu handiko aldizkarietan ahalik eta arinen argitaratu. Lehia handia dago, eta askotan ahaztu egiten da gizarteari ere ezagutza hori bueltatu behar zaiola".

Gizarteratzeko moduko ezagutza horren beste adibide bat 1995ean Añanan aurkitutakoa da. Duela 20 milioi urte hainbat animaliak utzitako oinatz arrastoak daude bertan, oso modu txukunean kontserbatuta. "Tartean, munduko felido guztien arbasoarenak. Tira, esango nizuke mundu osoan antzekorik ez dagoela! Ama baten arrastoak daude, kumeak inguruan dituela. Ederra izateaz gain, oso argi azaltzen dira, eta adituak informazio paleontologiko handia ondorioztatzeko moduan egon dira. Tokian bertan instalazio bat egin beharko litzateke, baina, egoitza berria lortuko bagenu, erreplika bat jarri beharko genuke, noski".

Bestelako erritmoa

Mineralen aretora iritsita, pieza bakoitzaren atzean istorio geologiko bat biltzen da. Eta geologoak ondo gordetzen ditu ere horiek lortzeko ahaleginak. Baina kezkarako zantzu batzuk agertu dira ere. "Piritak apurtzen hasiak zaizkigu. Beroaren eta hezetasunaren aldaketak ez datozkie batere ondo", kexu mintzo da.

Piriten arazoa, ordea, hutsala da Alonsok buruan dituen beste zenbait kezkaren aldean. Ezegonkortasunak mineral horri kalte egiten dion modu berean, giza jarduna planetaren beraren egoera okertzen ari delako kezka agertu du. "Ez dakigu zer abiaduran ari garen galtzen ekosistemak, zer neurriraino kolapsatzen ari diren. Adibide bat jartzearren, norbaitek al daki zer gertatzen ari den sistema edafikoetan? Elurteak datozenean, gatza barra-barra botatzen dugu zorura, horrek izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe. Organismo edafikoak nimiñoak izan daitezke, baina, alajaina, lurreko ekosistema guztien oinarri dira. Horiek huts egiten badute, sistema osoa kolokan jar daiteke. Europako herrialde askotan gatza botatzea debekatuta dago, baina hemen inor ez da horretaz kezkatzen. Tira, zuhaitzak beti dauden lekuan ikusten ditugu, eta badirudi horrekin lasai geratzen garela".

Ohi bezala, ikerketa izan daiteke arazo horiek atzemateko gakoa, eta duela hainbat urte jasotako datuak gaur egungoekin alderatzea bideetako bat da. Lurpeko ekosistemei dagokienez, Juan Carlos Iturrondobeitia zoologoak duela hainbat hamarkada lurpeko bizidunen inguruan egindako doktore tesian eskuratu zituen datuak eta oraingoak alderatzea, esaterako. Hori eginez gero, ekosistema horietan galera nabarmena aterako den beldur da aditua. Gertutik ezagutu du antzeko beste kasu bat. "XX. mendearen hasieran Frantziako botanikari bikote bat Euskal Herrian goroldioak biltzen ibili zen. Patxi [Heras] eta Marta [Infante] Parisera joan ziren, lagin historiko horiek aztertzera, eta horri esker konturatu ziren duela mende bat bildutako espezie asko dagoeneko desagertuak direla Euskal Herrian".

Nazioarteko ikerketak

Argi dago, beraz, museoak ezinbesteko tresnak direla zientzia lana egin ahal izateko, eta, askotan, erakunde horien biltegietan baino ezin direla aurkitu hainbat baliabide. Dena den, jardun kolektiboa da zientzia, eta ezinbestekoa da adituen arteko harremana eta komunikazioa ahalbidetzea. Norabide horretan, garai batean nazioarteko zientzia aldizkari bat argitaratzeari ekin zioten. "Nazioarteko Paleoentomologia Elkartearen aldizkaria argitaratzeaz arduratu ginen", gogora ekarri du Alonsok. "Ordura arte, paleoentomologoek ez zeukaten aldizkari propiorik, eta kongresu batean hori egiteko gai ginela konbentzitu genituen". Bada, duela hainbat urte antzinako intsektuen alorreko munduko aditu guztiek Gasteizen argitaratutako aldizkari bat izan zuten erreferentzia nagusitzat. Alabaina, poza iraupen gutxikoa izan zen: hirugarren zenbakira iritsita, tresna hori bertan behera utzi behar izan zuten. "Diputatu nagusi bat etorri zitzaigun, eta esan zigun ea zer egiten ari ginen Gasteizen zerbait ingelesez argiratzen". Akabo. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide