Museoaren egoitza: aspaldiko kezka eta ardura

Juanma Gallego 2021ko mar. 19a, 06:55

Arabako Natura Zientzien Museoaren egoitzak 300 metro koadro besterik ez ditu. Egoitza berri baten bila ari dela ziurtatu du Diputazioak, baina museoaren arduradunak baliabide gehiagoren beharra azpimarratu du.

Gasteizko Jesusen Zerbitzarien Fundatzailean kalean dagoen Otxanda Andrearen dorrean kokatuta dago museoa, baina 300 metro koadrok ez dute ez askorako ematen. Eraikina, gainera, ez dago prestatuta irisgarritasun arazoak dituztenentzat. Horregatik, aspaldiko kezka da museorako egoitza berria aurkitzea, baina, orain arte bederen, legegintzaldiz legegintzaldi asmo horiek ez dira gauzatu.

"Foru Gobernuak jakin badaki altxor izugarria daukagula museoan", adierazi du Kultura diputatu Ana del Valek. "Horregatik, egoitza berri bat lortzeko proposamena lantzeko hartu dugun konpromisoa beteko dugu. Modu honetan, XXI. mendean bilduma kontserbatzeko eta kudeatzeko beharrak asetu ahal izango dira".

Diputatuaren arabera, egoitza berria bilatzen ari dira orain, eta, behin aurkitzen dutela, "behar bezalako museo proiektu bat egiteko aukera" izango dute; egitasmoa egiteko finantzazioa ere bilatuko dutela ziurtatu du. Kokapen berria ebazteko behar den ikerketarako 20.000 euroko partida gorde dutela aurreratu du.

"Urteak eta urteak daramagu hemendik alde egiten, eta beti bilatzen ari da egoitza berri bat", dio, etsipen puntu batekin, Jesus Alonso arduradunak. "Baina inoiz ez da iristen. Horregatik, kudeatzaile publikoei etxeko lanak egiteko eskatzen diegu. Guztion ondarea babesteko beharrezkoak diren baliabideak eskatzen ditugu, hori besterik ez". Teknikariaren arabera, egoitza soil batek ez luke arazoa konponduko. "Kontua ez da espazioa bakarrik. Piramide batera eraman gaitzakete, baina hori alferrikakoa izango litzateke lan egiteko gutxieneko lan talde bat eta baliabideak ez baditugu".

Javier Fernandez Bordegarai museoen arduradunaren aburuz, gaur egun ingurumen kontuetan gizartean zabalduta dagoen kezka abagunea izan daiteke halako egitasmo indartsu bat gauzatzeko. "Egia esanda, agian une ekonomikoa ez da hoberena, baina, gizartearen kontzientziazioari dagokionez, gaur egun bioaniztasuna edo jasangarritasuna bezalako kontzeptuek lekua hartu dute gizartean. Eta Gasteiz hiri berde bezala indartzeko modua izan daiteke". Turismoa erakartzeko modua ere izan daitekeela onartu du, baina honetan ñabardura garrantzitsua egin nahi izan du. "Hau ez da soilik izan behar turismoari begira egindako inbertsio bat. Pertsonalki, amorrua ematen dit ikusteak askotan kultura soilik justifikatzen dela turistak erakartzeko. Hori akats bat da. Turistak etortzen badira, primeran; baina kulturak ezin du izan turismoarekiko dependentzia hori. Hau bezalako erakunde batek ezagutza gordetzeko, lantzeko eta gizarteratzeko balio behar du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide