Denon Eskola

Eskola espazioak aldatzeko erronka plazaratu dute Arabako 30 ikastetxek

Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 13:55
Arabako 30 bat ikastetxek sinatutako manifestuaren aurkezpena, Gasteizen. / DENON ESKOLA

Denon Eskola Arabako guraso elkarteen federazioak Jaurlaritzaren eta udalen inplikazioa eskatu du ikastetxeetako inguruneak aldatzeko prozesuan. Instituzioek gaiarekiko duten "axolagabekeria" salatu du.

Eskola inguruneak hobetzeko lanean ari dira hainbat guraso elkarte, baina prozesuan erakundeen babesa faltan botatzen dute. Horregatik, Jaurlaritzaren eta udalen inplikazioa galdegin dute, gaia lantzeko erakunde arteko mahaia osatu dezatela eskatuz.

Denon Eskola elkartean bildutako 29 eskolatako guraso taldek Eskola ingurune seguru, osasuntsu eta hezkidetzaileak manifestuan azaldu dituzte zeregin horretan orain arte aurkitu dituzten arazoak eta mugak. Horietako 22 Gasteizko ikastetxeak dira, eta beste zazpi Arabako beste herritakoak: Agurain, Dulantzi, Durana, Guardia, Legutio, Oion eta Ribabellosa.

Azaldu dutenez, inguruneak aldatzeko lanean hainbat ikerketa eta proposamen lantzen ibili dira. Prozesuan, hainbat esparruri erreparatu diete: ikasleen segurtasuna, ikastetxeetara heltzeko erabili behar diren ibilbideen egoera, airearen kutsadura, natura inguruneen falta, espazio diskriminatzaile eta sexistak edota patioen hornidura, besteak beste.

"Diru gutxi baina dedikazio handiarekin", guraso elkarte horiek aldaketak egin dituzte eskoletan, eta adituei diagnostikoak eskatu dizkiete. Aurkitu duten agertokia ez da ona izan. Eragileen ustez, ikastetxe askotako inguruneak "axolagabekeria osoz" utzita daude. Irisgarritasun arazoak, segurtasun arazoak edota patioak diseinatzeko irizpide pedagogikoen falta aipatu dituzte.

Erakunde arteko mahaia eta finatzaketa

Instituzioei arazo horien berri eman dieten arren, Jaurlaritzaren eta udalen "inplikazio falta" ikusi dute. Laguntza eskaini beharrean, "zailtasun gehiago" jarri dituztela diote, eta egoera hori bideratzea nahi dute. "Patio kooperatiboak, interaktiboak, bereziak, maitagarriak eta abegitsuak nahi ditugu", erantsi dute.

Erakunde arteko mahaia osatzeaz gain, ingurune horiek pedagogikoki eraldatzeko azterketa bat eta aldatze prozesu hori finantzatzeko partida ekonomiko iraunkor bat eskatu dute.

"Benetan uste dugu ikastetxeetako kanpo espazioak haurtzaro, eskola eta komunitate kultura berri baten isla izan behar direla. Munduari irekitako ispilua, zeinean egin eta izan koherenteak diren", azpimarratu dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide