PPk Ciudadanosen Arabako zuzendaritza ohia fitxatu du

Erredakzioa 2021ko mar. 16a, 09:00
2019ko argazkia: Iñaki Sanchez, lehena ezkerretik; Javier Gomez, hirugarrena. / @CsVitoria

2019ra arte Ciudadanos alderdiaren Arabako zuzendaritza osatu zuten kideek PPrekin bat egin dute: horien artean, Javier Gomez koordinatzaile ohia eta 2019an Gasteizko alkategai izandako Iñaki Sanchez daude.

Murtzian piztu eta Madrilgo Erkidegoan eztanda egin duen lurrikara politikoaren erdian, PP eta Ciudadanos alderdien arteko tirabirak Arabaraino ere iritsi dira. Izan ere, Alderdi Popularrak astelehen honetan baieztatu du Javier Gomez buru zuen Arabako Ciudadanoseko zuzendaritza ohiaren fitxaketa; 2019ko udal hauteskundeetan Gasteizko alkategai izandako Iñaki Sanchez Lopez-Davalillo ere fitxatu dute.

Alderdi laranjako koordinatzaile ohi Javier Gomez 2019an kargugabetu egin zuten Ciudadanosen, azaroko Espainiako hauteskunde orokorrei begira PPrekin koalizio bat bilatzen saiatzeagatik; alderdiko zuzendaritzak, ordea, "afiliatuen transferentzia" bat egitea leporatu zion.

Ciudadanosen Gasteizko zuzendaritza batzordeko hiru kideek —tartean, Iñaki Sanchez euren karguak utziko zituztela jakinarazi zuten urte horretako irailean, Javier Gomezek zuzendaritzaren aldetik tratu "desleiala" jaso zuela uste zutelako.

Iturgaiz: "Ongi etorri zuen etxera"

Astelehenean bertan, El Correo egunkariak xehetasun handiz aurreratutako informazioa baieztatu dute Alderdi Popularrak eta Carlos Iturgaiz presidenteak berak. "Euskal zentro eskuinaren proiektua zabaldu da", adierazi du PPk. "Nahitaezko nazionalismoari aurre egiten dio konstituzionalismoak, eta euskal herritar zein espainiar sentitzen direnak, terrorismoaren egiazko kontakizun bat nahi dutenak, eta Euskal Herriaren etorkizuna Espainiarekiko batasuna indartzea dela uste dutenak ordezkatzen ditu", azaldu du.

EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek ongietorria eman die alderdira: "Ongi etorri zuen etxera. EAEko eta Espainiako zentro eskuinaren gune indartsu eta erreferentea, askatasunen eta Espainiako batasunaren aldeko gure proiektu konstituzionalistak defendatzeko, guztion ongizaterako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide