Udalekuen kanpainak 815 plaza eskainiko ditu gazte arabarrentzat

Erredakzioa 2021ko mar. 15a, 12:40

Lau instalazio izango dira Araban: Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo. / AFA

EAEko gazteentzako 2.321 plazarekin itzuliko dira aurten Udalekuak; 815 plaza gazte arabarrentzat izango dira. Hamazazpi instalazio izango dira; horietako lau Araban: Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo. Izen-ematea martxoaren 22an hasiko da.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek Udalekuak kanpaina berreskuratuko dute uda honetan. Horretarako, haurrei eta gazteei zuzendutako programa ludiko eta hezitzaileen eskaintza zabala osatu dute.

Hiru lurraldeetako 7 eta 12 urte bitarteko 2.321 haurrek parte hartu ahal izango dute, uztailaren 1etik 29ra bitartean eskainiko diren zazpi eguneko txandetan. Plaza horietatik, 2.147 euskaraz izango dira, eta Araban 815 plaza eskainiko dira.

Izena emateko epea martxoaren 22an hasiko da; hau da, datorren astelehenean. Modu telematikoan egin beharko da Aldundiaren webgunearen bitartez. Martxoaren 31n amaituko da epea, eta zozketa bidez banatuko dira plazak, apirilaren 14an. Prezioa 130 eurokoa izango da, hobariak kontuan hartu gabe.

Uda honetan, beraz, askotariko jarduerak egin ahal izango dituzte animatzen diren umeek: txalaparta, mendi-ibilaldiak, herri kirolak, tailerrak, arroilen jaitsiera, arborismoa, rokodromoa, ferrata-bideak, arku-tiroa, eskalada, rapela, piraguismoa, slackline, orientazio jokoak, ginkanak eta abar luze bat.

Kanpainaren aurkezpenean, lasaitasun mezu bat zabaldu nahi izan du Kultura eta Kiroleko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradun Ana del Valek: "Oso urte berezia da, eta gurasoek jakin behar dute udalekuak egiten badira seguruak izango direlako dela. Jarduera guztietan behar diren segurtasun neurriak hartuko dira, eta langile kualifikatuen tutoretzapean egongo dira".

Beste jarduerak Araban

Udalekuak programaren eskaintzari dagokionez, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak beste 70 plaza eskainiko ditu Ingelesezko Udalekuaren eta Euskalaka programaren bidez, 12-13 urteko gazteentzat. Gainera, Gazte Bidaiak programak 305 plaza eta hamazazpi esperientzia posible eskainiko ditu 14-17 urteko gazteentzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide