Alaves 1 - 1 Cadiz

Alavesek zulotik irten ezinik jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2021ko mar. 13a, 23:00
Argazkia: @Alaves

Garaipena eskuetan izan du Alavesek, baina azken unean banako berdinketa egin du Cadizek.

Alaves

1

Cadiz

1

Alavesek burua altxatu ezinik jarraitzen du. Ez dago garaipena lortzeko modurik. Aurreko partidan bi goleko abantaila lurrera bota zuen azken minutuetan. Cadizen aurka gauza bera gertatu da, eta garesti ordaindu du Manu Garciak 83’. minutuan eginiko penaltia. Gutxienez, puntu bat erdietsi du.

Alavesek garesti ordaindu du Manu Garciak 83’. minutuan eginiko penaltia

Talde arabarrak erabat kontrolpean izan du norgehiagoka. Jokoaren ekimena eraman du aurkariak baino premia larriagoa zuelako. Halere, arazoak izan ditu gol aukerak sortzeko. Baina, gutxienez, behin eta berriz aurrera jo du hiru puntuak lortu ahal izateko.

Lehen zatian, Pellistrini gaztearen hanketatik pasa dira jokaldi aipagarri gehienak. Halere, minutuak joan ahala, jokoa moteltzen joan da. Une horretan agertu da Joselu aurrelaria. Berak eta Luis Riojaren arteko jokaldia eskuarekin moztu du Salvik area barruan. Epaileak ez du zalantza izpirik izan eta penaltia adierazi du. Joseluk maisutasunez sareetara bidali du, eta 1-0ekoa jarri du markagailuan. Neurketa erabat bideratuta, aldageletara joan dira bi taldeetako jokolariak.

Bigarren zatia bide beretik joan da. Alavesek, gauza handirik egin gabe, kontrolpean izan du. Bazirudien garaipena inongo arazorik gabe lortu behar zuela. Talde andaluziarrak oso gutxitan iritsi da Pachecoren ate ingurura. Horrexegatik, gertuago zirudien arabarren bigarren golak berdinketak baino. Atzealdean sendotasun handiz jokatu du eta kontraerasora arriskua sortu du.

Gutxienez, puntu bat erdietsi du

Halere, neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela, dena hankaz gora jarri da. Zelai erdian, Manu Garciak ukondoa erabiliz falta egin du, eta egindako erdiraketan berriz ere gauza bera egin du area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Gainera, bi txartel hori jarraian erakutsi dizkio kapitainari eta aldagelara bidali du. Alex Fernandezek emandako aukera ez du alferrik bota, eta banako berdinketa jarri du markagailuan. Ia ia nahi gabe, Cadizek puntu bat urratu du. Gainera, azken unean aukera paregabea izan du garaipena lortzeko.

Garaipena lortu ezinik, zuloan sarturik, eta hurrengo neurketa Atletico Madrilen kontra izango da. Partida zaila, baina une zailetan erakutsi behar da kemena. Datorren igandean izango da, martxoaren 21ean, 18:30ean Wanda Metropolitano futbol zelaian.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Lejeune, Duarte; Pellistri (84’. Pere Pons), Tomas Pina, Manu Garcia, Luis Rioja (64’. Lucas Perez); Edgar Mendez (78’. Cordoba) eta Joselu.
    • Txartel horiak: 69’ Tomas Pina
    • Txartel gorria: 80’ Manu Garcia (79’ eta 80’, bi txartela horiak)
  • Cadiz: Ledesma; Fali, Mauro (6’ Salvi), Cala, Espino; Sobrino (83’. Malbasic), Alex Fernandez, Jonsson, Perea (90’. Jairo); Jose Mari (90’ Garrido), Negredo (83’. Saponjic).
    • Txartel horiak: 33’ Salvi, 73’. Fali, 91’. Saponjic

Golak

  • 1-0: 35’. Joselu (penaltiz)
  • 1-1: 83’. Alex Fernandez (penaltiz)

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez harmailetan. Futbol zelaietan ikusleak izatearen gaia azken hilabetetan ez da batere aipatzen. Ez da gauza aipagarririk izan eta jokalariak kiroltasun handiz aritu dira. Hurrengo neurketan Tomás Pina eta Manu García ez dira izango da. Lehena bosgarren txartel horia ikusi duelako eta kapitaina txartel gorria ikusi duelako.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Aspaldiko partez Alde Zaharrean partida oso osorik ikusteko aukera. Ordua ez da batere egokia futbolean aritzeko baina tabernaz taberna poteatzen izateko ezin hobea.
  • Gaur bai, bai ala bai. Irabazi, irabazi behar dugu. Txiripaz, penaltiz edo dena delakoa. Garaipena lortu behar da.
  • Alde Zaharra topera dago. Ia-ia ez dago lekurik terrazetan.
  • Beno, bada, hamaikakoan aldaketarik ez. Taldea bizia da eta gainera erasoan ondo aritzen da. Pellistri aurrelari gazteak itxura ona ematen du.
  • Ondo, ondo gaztea. Arriskurik gehiena hortik sortzen ari da.
  • Ea ahalik eta lasterren gola lortzen dugun.
  • Penaltia, penaltia, garbia, garbi-garbia.
  • Joseluk jaurti eta gooooooooooooooool. Ondo, oso ondo.
  • Aldageletara eta bigarren zatian bigarrena egin eta akabo fandango.
  • Cadiz, hor dago, gauza handirik egin gabe.
  • Oso ondo atzealdean, andaluziarrek ez dute aukerarik. Ea horrela jarraitzen dugun. Momentuz ondo.
  • Baina, baina zer da hau, penaltia, penaltia? Sinestezina. Gainera Manu Garcia kalera. Gorriak ikusiko ditugu. Gorriak eta kolore askotakoak. Berriz ere sufrikario.
  • Gol, gol, Cadizen gola. Orain komeriak jokalari bat gutxiagorekin.
  • Ufff, eskerrak ez dutela asmatu. Ze aukera!
  • Eskerrak puntu bat. Hurrengo partida zaila ez, hurrengo. Ikusiko dugu. Baietz berdinketa lortzen dutela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide