'Etxe berdeak'

Ingurumenarekiko ardura duten familien bila ari dira

Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 17:46

Familien artean ingurumenarekiko errespetua sustatu nahi dute. ALEA

Etxe Berdeak programaren edizio berria Gasteiz gainditu eta Araban zehar zabalduko da, familien artean ingurumenaren zaintza eta kontsumo arduratsua sustatzeko.

Gasteizen ez ezik, Vital Fundazioak Araban zehar zabalduko du aurten Etxe Berdeak izeneko hezkuntza programa. Hiriburuan 2015etik martxan dagoen egitasmo honen bitartez, familien artean ingurumenarekiko eta gizartarekiko ardura indartu nahi dute; besteak beste, ur eta energiaren kontsumoa gutxituz eta erosketa arduratsuagoak eginez.

Aurtengo ediziorako, antolatzaileek kuadrilla desberdinetako 120 familiara iristea hartu dute helburutzat. Bai pisu batean zein etxe baten bizi direnek parte har dezakete programan, egitasmoa mota guztietako etxebizitzei egokituta dago-eta, tamaina eta berokuntza sistema edozein direla. Parte-hartzaileei ura eta energia aurrezteko neurriak eta jokabideak proposatuko dizkete. Erosketak egiteko orduan ere, horiek "etikoagoak eta ekologikoagoak" izan daitezela lortu nahi dute. Etxebizitzaren kudeaketa arduratsugoa lortu aldera, parte-hartzaileei ingurumenari lotutako hainbat helburu edo erronka planteatuko zaizkie, etxean bertan lortzeko modukoak.

Hiru fase bereizi dituzte. Lehenengoan, etxean ura eta energia aurrezteko eta hondakinak gutxitzeko erronka helaraziko zaie familiei. Bigarrenean, aurrera egin nahi dutenei kontsumitzeko modu arduratsuagoa proposatuko zaie. Hirugarren fasean, berriz, tailer eta jarduera praktikoetan parte hartzeko gonbitea jasoko dute.

Prozesuan zehar, familiek adituen aholkularitza jasoko dute, aurrez aurre edo modu telematikoan, zalantza guztiak argitzeko. Parte hartu nahi dutenek www.fundacionvital.eus webgunean edo 945 776 858 telefonoan izena eman dezakete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide