Lehen olatuaren ondoren, abuztuaren 18an Arabako egoitzetan berriz ere positiboak zeudela jakinarazi zenetik, 344 egoiliar sendatu dira. Denbora horretan, 47 erabiltzaile hil dira Covid-19aren ondorioz lurraldeko adinekoentzako egoitzetan, pandemiaren bigarren eta hirugarren olatuetan.
Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua pozik agertu da egoitzak "pandemiatik libre" daudelako, bigarren eta hirugarren olatuen eraginpean zazpi hilabete eman ostean.
Egoera horretara iristeko eragina izan duten hiru faktore aipatu ditu foru diputatuak. Lehena, Arabako egoitzetako erabiltzaile eta langile guztien txertaketa; halaber, zentroetako langileen esku-hartzea; eta, azkenik, familien eta erabiltzaileen portaera, Solaren ustez, "behar bezala jarraitu baitituzte bisitetan eta irteeretan hartu beharreko prebentzio neurriak".
"Orain oso garrantzitsua da erne egotea, ez lasaitzea", azpimarratu du foru diputatuak. "Distantzia fisikoari, gelei eta maskarak erabiltzeari buruzko prebentzio neurriak betetzen jarraitu behar dugu, birusa zentroetan berriro sar ez dadin".