Arabako saltokientzako laguntza berriak emango ditu Aldundiak

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 18:04
Diru laguntza berrien aurkezpena. / AFA

Aldundiak 755.000 euro emango dizkie tokiko saltokiei, gastu arruntari eta inbertsioari aurre egiteko. 85.000 euro gehiago emango ditu landa merkataritza sustatzeko, eta ostalaritzak diru laguntzak eskatu ahal izango ditu terrazak egokitzeko.

Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 755.000 euro zuzenduko ditu txikizkako tokiko saltokiei gastu arrunta eta inbertsioa ordaintzen laguntzeko, eta, horrela, sektoreko jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko. Era berean, landa merkataritzaren garapena sustatzeko berariazko bi programa jarriko ditu abian.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak azaldu du datozen hilabeteetan guztira 840.000 euro erabiliko dituztela Arabako txikizkako saltokien lehiakortasunari laguntzeko eta hura indartzeko, lau deialdiren bidez.

Gastu arruntak

Lehenengoak 500.000 euroko aparteko laguntza lerro bat gaitzen du, gastu arrunterako, bederatzi langile edo gutxiago dituzten merkataritza sektoreko autonomoeta enpresentzat. Bidaia agentziak eta salmentarako jendaurreko tailer irekia duten artisauak ere laguntza horren onuradun izan daitezke.

Dirulaguntzaren deialdia sei gastu motatarako da: alokairuak, lokalaren hipoteka maileguak, autonomoen kuotak, elkarteetako afiliazioa, Covid-19aren aurkako segurtasuna, pandemiari lotutako aholkularitza eta publizitatea. Laguntzen zenbatekoa gastuen baturaren %50era iristen da, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra bitartean alokairu, hipoteka eta autonomoen eta elkarteen kuotetan izandako gastuak eta 2020ko urriaren 25etik 2021eko urriaren 31ra bitartean bestelakoetan izandako gastuak direnean. Halakoetan, 2.000 euroko muga izango da eskaera bakoitzeko.

Eskatzeko epea zabalik dago, eta eskaerak apirilaren 9ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira. Ebazteko prozedura norgehiagoka bidezkoa izango da, eta herri txiki eta ertainetako saltokiei eta ehungintza zein oinetakoen azpisektoreetako saltokiei emango zaie lehentasuna.

Inbertsiorako laguntzak

Bigarren deialdiak 255.000 euroko zuzkidura izango du, eta bederatzi langile edo gutxiago dituzten merkataritza sektoreko autonomo eta enpresen inbertsio proiektuak finantzatuko ditu. Kasu honetan, eta bidaia agentziez eta jendaurreko salmenta puntua duten artisauez gain, irabazteko xederik gabeko merkatarien elkarteak eta ostalaritza establezimenduak ere sartzen dira erakunde onuradun gisa.

Laguntza ildo horrekin, foru diputatuak adierazi duenez, online salmentarako eta hobekuntza teknologikorako digitalizazio proiektuak finantzatuko dira, baita Covid-19aren aurkako segurtasun inbertsioak, hala nola manparak, ate automatikoak, desinfekzio sistemak, eta lokalaren ekipamendua hobetzeko eta lokalak desgaitasuna duten pertsonentzako egokitzeko proiektuak ere.

Gainera, ostalaritzaren kasuan, terrazak, altzariak, mahaitxoak... prestatzeko edota hobetzeko inbertsioak diruz lagunduko dira.

Laguntzen zenbatekoa inbertsioaren baturaren %50 izango da, eta 4.500 euroko muga izango du saltokien kasuan, eta 2.500 eurokoa ostalaritza establezimenduen kasuan, eta deialdi honen ebazpena norgehiagoka sistemaren bidez emango da oraingoan ere. Balorazio irizpideei dagokienez, aurreko deialdian bezala, herri txiki eta ertainetako saltokiek eta eduki teknologikoa duten inbertsio proiektuek izango dute lehentasuna.

Bigarren deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea datorren astean hasiko da, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean oinarriak argitaratu ondoren.

Bateragarriak beste laguntzekin

Bi deialdi horietako diru laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko batzuek emandakoekin. "Azken hilabeteetan deialdi eta laguntza lerro horien oinarriak diseinatu ditugu sektorearen laguntzarekin. Orain, haiek azkar ebazteko eta baliabide horiek ahalik eta lasterren Arabako merkataritzaren eskura jartzeko lan egingo dugu. Urteko lehen seihilekoa amaitu baino lehen egitea espero dugu", adierazi du.

Enplegu, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak toki erakundeentzako beste bi deialdi ere onetsi eta argitaratu ditu oraintsu. Horietako bat 3.000 biztanletik beherako Arabako udalerrietan merkataritza suspertzeko planak eta hiri zein merkataritza ekipamenduan inbertsioak egiteko da; bestea, landa merkataritza sustatzeko eta dinamizatzeko ekintzak garatzeko. Bi programa horien aurrekontua 85.000 eurokoa da guztira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide