Suhiltzaileak kalera itzuli dira, LEP propio baten eta zerbitzuaren egonkortasunaren alde

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 13:17
Suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute Aldundiaren aurrean. / ELA

Hamabostero, hiru orduko lanuztea eta elkarretaratzea egingo dute Arabako foru suhiltzaileek, zerbitzuaren "kalitatea eta egonkortasuna" defendatzeko. Bide horretan, LEP propio bat izango da lehen eskakizuna.

Salatu dutenez, Arabako suhiltzaileen zerbitzua "prekarietate handiko egoeran dago plantillaren egonkortasunari dagokionez". Izan ere, langile interinoen ehunekoa oso altua izaten jarraitzen du, eta horietako asko, aukera izanez gero, beste zerbitzu batzuetara joaten dira.

Egoera horren aurrean, langileen batzordeak konponbideak eskatu dizkio zuzendaritzari; besteak beste, zerbitzuaren Lan Eskaintza Publiko propio bat deitu dezala, lanpostu huts guztiak barne hartuta. Horrez gain, beste zerbitzuekin prozesu bateratu batek suhiltzaileen zerbitzuari "kalte" egingo liokeela uste dute: "Gure zerbitzua EAEn lan baldintza txarrenak dituena da", ohartarazi dute.

Bestalde, suhiltzaileen lan baldintzak zehaztu beharko dituen lan hitzarmenaren garapena "geldituta" dagoela salatu dute. "Nahiz eta lehen zatia onartuta egon, ukatu egiten digute aplikatzen hasteko aukera; ezinezkoa da borondate politikorik ez badago", kritikatu dute. Horrekin batera, zuzendaritzari leporatu diote bileren gai zerrendak astebete lehenago ez bidaltzea, aktak ez sinatzea eta sinatutako akordioak ez betetzea, besteak beste.

Espediente bat bi lankideri

Gainera, jakitera eman dutenez, langile batzordeko bi lankideri espedientea ireki zien zuzendaritzak. "Zerbitzu profesional, moderno eta hegemoniko bat izateko zutabe sendo batzuk eraikitzeko gure borondatea beldurtzen saiatu ziren", azaldu dute. "Interesatuei horien ebazpenean egiten ari diren urratsak jakinarazteko begirunerik ere ez dago, egoera horrek sortu duen ezinegona areagotuz".

Irregulartasunak

LEP propiorik ez dagoen bitartean, promozioetan eta kontratazioan hainbat "irregulartasun" sortu direla salatu dute: besteak beste, goi-aginte postuak zerbitzu eginkizunen bidez edo jendea "hatzez izendatuz" betetzen direla; kontratazio zerrendak "modu irregularrean" erabiltzen ari direla; desgaitasuna duten pertsonentzako plaza erreserba bat suhiltzaile-gidari lanpostuari esleitu zaiola.

Lanuzteak eta mobilizazioak

Horregatik, pandemiaren ondorioz orain dela urtebete bertan behera utzi behar izandako protestari berrekingo diote suhiltzaileek, zerbitzuaren "kalitatea eta egonkortasuna defendatzeko".

Lehenengo eskakizuna LEP propioa da, eta hori aldarrikatzeko protesta dinamika bat hasi dute, besteak beste honako ekimenak planteatuz:

  • Pankartak jarriko dituzte suhiltzaileen parke guztietan, lelo komun batekin.
  • Lanuzteak: hamabostero, hiru orduko lanuztea.
  • Elkarretaratzeak: hamabostero, lanuztearekin batera, elkarretaratze bat egingo dute 11:00etan Probintzia plazan, Aldundiaren aurrean.

Lehen hitzordua ostegun honetan izan da, martxoaren 11n, eta bertan aurkeztu dituzte protestaren nondik norakoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide