Urteurrenean, buru osasuna kezka

Jon Rejado 2021ko mar. 12a, 07:00

Covid-19agatik itxialdia hasi eta urtebetera buru gaixotasunen bilakaera aztertu dute hainbat aditu eta elkartek. Oro har, pandemiaren hurrengo eritasun olatua arlo horretan gerta daitekeela ohartarazi dute, arlo batzuetan "kolpea" jadanik antzeman duten arren.

Urte bat beteko da martxoaren 15ean Covid 19ari aurre egiteko itxialdia ezarri zenetik. Ordutik igarotako hamabi hilabeteetan luze hitz egin da gorputzaren osasunaz. Buru osasuna ere izan da mintzagai, baina maila apalagoan. Buru gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiten duten Arabako aditu eta elkarteek epe horretan gertatutakoaz hausnartu dute, eta etorkizunera begirako hausnarketa nahiko bateratua egin dute: neurriak behar dira, pandemiak ekarritako hurrengo goraldia buru gaixotasunena izan ez dadin.

Buru gaixotasunekin gerta daitekeena azaltzeko historian jazo diren ezbeharretara jo du Edorta Elizagaratek, Arabako Buru Osasun Sareko Psikiatria Zerbitzuko buruak. Azaldu du hondamendi natural edo ekonomikoetan denbora epe bat behar dela buru osasunarekin lotutako gorabeherak antzemateko. Ezbeharretan herritarrek bizi dituzten "galerak" dituzten ondorioekin elkartu du "atzerapen" hori: gertuko pertsonenak, harreman faltarenak, ekonomikoak... "Normaltasuna berreskuratzen denean agerikoagoa da galera hori, eta orduan heldu ohi da laguntza eskatzeko unea".

Jose Miguel Colinok, Asafeseko gizarte langileak, ildo beretik jo du bere hausnarketan. Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak hausnartu du gaur egun arazo bat dagoela, baina aurreratu du goiz dela "ondorio guztiak ateratzeko"; hau da, denborak utziko du hartutako neurrien eragina agerian. Edonola ere, uste dute arazoa "larria" izango dela. "Normaltasuna heltzerakoan espero dugu guk ere kolpe handiena".

Arlokako eragina

Ana Herrezuelok, Asajerreko psikologoetako batek, azaldu du "dena pilatzen bezala" dagoela, pandemia egoera dela-eta. Asajerrek substantziarik gabeko mendekotasunak dituzten pertsonekin lan egiten du: jokoa, erosketak, bideojoko eta pantailekin lotutakoak… Bada, pantailekin sortutako arazoekin lotutako dei gehiago jaso dituztela antzeman dute. Hala ere, okerrena heltzeko dagoela gaineratu du. "Une honetan kanpotik ezarritako mugak daude, eta askok horiek onartzen dituzte. Iragartzen ari diren normaltasuna heltzean ikusiko dugu gertatzen denaren benetako neurria".

Asafes eta Asajer elkarteek gorakada handiena heltzear dagoela baloratzen dute, baina beste elkarte batzuek kolpe handiena jaso dute dagoeneko. Hala hausnartu du Edgar Ilg-ek, Acabe Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Arabako Elkartearekin kolaboratzen duen psikologoak. "Etorkizunean kasu gehiago egongo dira, biziko dugun egoerak krisiak eragingo baititu maila ezberdinetan; dena den, itxialdian gertatutakoa ezberdina izan zen". Eritasuna zutenek okerrera egin zutela azaldu du Ilgek, eta garatzeko bidean zeudenen prozesua azkartu zela.

"Jendeak gidariaren lekuan jartzeko gaitasuna du"

Edorta Elizagarate, psikiatra

Asafesera pertsona berri batzuk jo dute azken urtean, baina "ez oso kopuru handian". Hala ere, testuinguruak nolabaiteko eragina izan duela gaineratu du Jose Miguel Colino elkarteko gizarte langileak; "dena saturatuta dago", ekarri du gogora. Osasun sarera jende gutxiago heltzen ari dela azaldu du, "beldurragatik, edo dena delako arrazoiarengatik". Horrez gain, oinarriko gizarte zerbitzuek ere lan asko daukatela gaineratu du, eta, horregatik, deribazioak zailagoak dira. "Hala ere, heltzen ari da jendea". 

Elizagaratek bat egin du kasuen goraldirik egon ez izana arrazoitzeko hipotesi horrekin. Alegia, azkeneko urtean ez da buru osasuna artatzeko zerbitzuetara jo, besteak beste, zerbitzu horiek ematen zuten arreta pandemiagatik baldintzatuta zegoelako. "Hori  estalita dago, eta uneren batean atera daiteke; agian hori gertatuko da, edo agian ez, baina mahai gainean dagoen hipotesi bat da".

Elikadura nahasmenduak

Anorexia edo bulimia duten pertsonak pisua eta irudiari begira daudela gogorarazi du Ilg-ek, beste alde batetik. Bada, etxean geratu behar izateak eragin zuen telefono edo ordenagailu pantailetara gehiago jotzea, eta garai horretan biderkatu ziren mezuak gogora ekarri ditu psikologoak. "Ematen zuen kezkagarriena ez zela pandemia, loditzea baizik". Horren aurrean askok etxe barruan kirol asko egitearen edota gutxiago jatearen alde egin zuten. "2020ko udaz geroztik hasi ginen nabaritzen itxialdian gertatutakoaren ondorioak".

'Buru osasuna guztiontzat', Asafesek antolatutako kanpaina. / Asafes

Anorexia eta bulimiaz gain, betekada nahasmenduek ere gora egin dutela azaldu du Ilg-ek. Gaitz hori dutenek emozioak janariaren bitartez kontrolatzen dituzte; beraz, etxetik ezin atera egotean, janariz inguratuta, bizi izan den larrialdi egoeran, kasuen gorakada ekarri du. Alkohol kontsumoaren gorakadaz ere ohartarazi dute beste elkarte batzuek.

Acabe elkartera edota Santiago Ospitaleko elikadura nahasmenduak artatzeko unitatera jo dutenen soslaia askotarikoa dela azaldu du Edgar Ilgek. Dena den, "gero eta neska gazteagoak" nahasmenduekin daudela aipatu du, eta gorakada berezia antzeman dute Batxilergoko 2. Mailan daudenen artean. "Pandemia dela-eta ezarritako neurrien presioari ikasketen presioa gehitu zaie, eta horrek ez du lagundu: klase telematikoen zailtasunak, batez besteko nota lortzeko nahia…".  Horrek guztiak eragin du Acabe elkartea zein Santiagoko unitate berezia "beteta" egotea.

Sintoma edo gaixotasuna

Edorta Elizagaratek, Arabako Buru Osasun Sareko Psikiatria Zerbitzuko buruak, hainbat hausnarketa orokor egin ditu pandemiaren urteurrenean. Batetik, aitortu du "asko" publikatu dela aldizkari zientifikoetan, baina "kalitate gutxi" izan dutela ikerketa horiek. Alegia, publikatutakoaren fidagarritasuna "oso baxua" da, oro har. Horren harira, Elizagaratek arreta jarri du Osasunaren Mundu Erakundeak neke pandemikoa deitu duen horretan. "Sintomez ari gara, ez gaitz batez; bizitzan askotan gaude triste, baina horrek ez du esan nahi kasu horietan guztietan depresioa dugunik". Erresilientzia hitza ekarri du gogora. "Jendeak sufritzen du, eta ezinegona dago, baina erantzunak bilatzen ditu, oro har; gidariaren eserlekuan esertzeko gaitasuna du, egoerari erantzuteko".

Edonola ere, Elizagaratek gaineratu du Covidagatik hartutako erabaki batzuk "bereziki" eragin dutela gizartearen sektore zehatz batzuetan. Umeen eta nerabeen kontsultek gora egin dute, isolamenduaren eraginez, Elizagaratek nabarmendutakoaren arabera. "Garai horietan harreman sozial berezia behar dugu, beste batzuetan baino gehiago". Egoera hori bereziki nabaria izan da aurrez jarrera nahasmenduak zituzten umeengan. "Nerabeak ez dira triste jartzen depresioa dutenean; jarrera aldaketarekin erakusten dute hori".

"Hau igarotakoan ikusiko dugu benetako neurria"

Ana Herrezuelo, psikologoa

Adinekoen egoera ere gogora ekarri du Arabako Buru Osasun Sareko Psikiatria Zerbitzuko buruak. "Urte bortitza bizi izan dute, egoitzetan zeudenak eta ez zeudenak". Kasu askotan, haien mundua gela batera mugatzen zela aipatu du, eta familiarengandik isolatuta: "Horrek ongizatean eragiten du, eta egoera horiek eragina izan dute".

Balibideak eta sentsibilizazioa

Etorkizunean agerian gera daitezkeen buru gaixotasunei aurre egiteko, baliabide gehiago eskatu dituzte eragile guztiek. Ildo horretan, Elizagarate argia izan da: arreta agintari politikoengan jarri du arreta, nagusiki. Nabarmendu du goraldi hori lotuta egon daitekeela pandemiak eragindako galerekin, eta, hain zuzen ere, bertan esku hartzea lehentasunezkoa dela iradoki du. Birbanatzeko politikak jarri ditu adibide gisa, edota babes neurriak, direla sozialak zein ekonomikoak. Are gehiago, gaineratu du psikiatriak egin dezakeena neurri horiek guztiak ezarri eta "askoz beranduago" helduko litzatekeela. "Gerta daitekeen hori prebenitzea, eta bizi dugunaren guztiaren biktimak ahalik eta gutxien izatea, ez dago psikiatren esku".

Horrekin lotuta, gizartean ikusezin izan ohi diren gaixotasunen gaineko sentsibilizazio lanaren beharra nabarmendu dute eragile guztiek. Ikusezintasun horren zenbait adibide aipatu dituzte, baina txertatze politikak aipatu dituzte hainbatek. Covidarekin gaixotzen diren buru erien heriotza tasa gizartearen batez bestekoaren halako bi da; hala eta guztiz ere, kolektibo horiek ez dituzte sartu txertaketa kanpainetan. Etorkizunean hori zuzenduko dela uste dute, baina orain arte hori egin ez izana "argigarria" dela hausnartu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago