Betis 3 - 2 Alaves

Alaves zerutik hondamendira

Ibon Gorrisi 2021ko mar. 9a, 00:00
Argazkia: @Alaves

0-2ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, Betisek hiru gol egin ditu eta 3-2 jarri du markagailuan.

Betis

3

Alaves

2

Alaves zerutik infernura joan da Betisen aurkako partidan. Hasiera bikaina eman dio neurketari eta lehen zatia 0-2ko emaitzarekin bukatu da. Bigarren zatian, gauzak erabat aldatu dira, eta Betisek hiru gol egin ditu garaipena lortu ahal izateko. Kolpe gogorra, oso gogorra, Abelardok zuzentzen duen taldearentzat.

Kolpe gogorra, oso gogorra, Abelardok zuzentzen duen taldearentzat

Entrenatzailearen bigarren aro honetan ez da inondik inora susperraldirik ikusten. Izan ere, etorri zenetik bederatzi neurketa zuzendu ditu orain arte denboraldi honetan; horietatik bakarra irabazi, beste bat berdindu, eta zazpi galdu ditu Alavesek. Ibilbide oso makala. Gainera, taldeak ez du itxura onik ematen.

Betisen aurka aukera paregabea galdu du hiru puntuak eskuratzeko. Lehen zatian, aspaldiko partez, taldea oso ondo aritu da. Gainera, eraginkortasun ikaragarria erakutsi du, eta, horren ondorioz, bi gol egin ditu. Bazirudien erabat bideratuta zeukala neurketa, eta bigarren zatian, okerrik ezean, hiru puntuak poltsikoan zeudela. Baina taldea maldan behera ari da neurketa guztietan, eta halakoetan akatsik txikienak min ikaragarria egiten dio.

Betis sasoian da, eta bolada ezin hobean. Bigarren zatirako Pelligrinik aldaketak egin ditu, eta emaitza ezin hobea eskuratu du. Izan ere, Borja Iglesias eta Joaquin atera ditu; bi jokalari horiek izan dira golak egin dituztenak eta partidari buelta eman diotenak. Egia esanda, talde andaluziarrak ez ditu gol aukera askorik sortu, baina ekinaren ekinez area inguruan izatea lortu du.

Borja Iglesias eta Joaquin izan dira partidari buelta eman diotenak

Arabako taldeak beheko postuetan jarraituko du, eta ahalik eta lasterren irabazi egin behar du zulotik atera ahal izateko. Oso arriskutsua izan daiteke sailkapeneko azkenengo postuetan ibiltzea. Horrexegatik, behar beharrezkoa baita hurrengo neurketa irabaztea.

Hil ala biziko hurrengo partida datorren larunbatean, martxoaren 13an, Mendizorrotzan izango da, 14:00etan Cadizen aurka. Talde andaluziarra aurkari zuzena ere bada, beraz, taldeak aurrera begiratzeko hiru puntuak bai ala bai lortu behar ditu. Ea egia izaten den!

Hamaikakoak

  • Betis: Joel, Emerson, Mandi, Sidnei, Miranda; Guido (74’. Willian Carvalho), Guardado (46’. Borja Iglesias); Aitor Ruibal (46’. Joaquin), Canales, Fekir (89’. Paul); Juanmi (74’. Tello).
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Duarte; Pellistri (65’. Pere Pons), Manu Garcia, Battaglia (65’. Tomas Pina), Luis Rioja (85’. Cordoba); Edgar Mendez (74’. Martin) eta Joselu.
  • Txartel horiak: 22’. Edgar Méndez, 30’. Battaglia, 77’. Ximo Navarro.

Golak

  • 0-1: 11’. Joselu
  • 0-2: 24’. Edgar Mendez
  • 1-2: 60’. Borja Iglesias (penaltiz)
  • 2-2: 81’. Joaquin
  • 3-2: 87’. Borja Iglesias

Benito Villamarin futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez harmailetan. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Betiseko jokalariek emakumezko bazkiderik beteranoen izenekin zelairatu dira. Alavesek elastiko beltza erabili du talde andaluziarrari aurre egiteko.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Partida garrantzitsua. Zuloan ez sartzeko irabazi edo, gutxienez, puntu bat lortu behar da.
  • Aldaketak hamaikakoan. Atzealdean betikoak, zelai erdian nobedaderik aipagarriena Pellistri hasieratik arituko dela. Aurrealdean, Lucas Perez ordezkoen aulkira eta beraren ordez Edgar Méndez. Ea aldaketa horiek onerako izaten diren.
  • Itxura ona ematen ari da taldea.
  • Gooooooool, goooooool!!! Hori da hori hasiera hori! Joseluk bikain atera du eta saretara bidali du.
  • Ea gol horrek lasaitasuna ematen dion taldeari. Partida on bat egitea merezi du taldeak.
  • Ondo ari dira, ondo, itxura ona. Gutxienez, horixe bera da zaleok eskatzen dioguna taldeari borrokatzea, itxura ona ematea. Eta gol aukerak sortzea. Azkeneko partidetan taldea ez da gauza izan area ingurura hurbiltzeko.
  • Goooooooooola, goooooola, goooooola!! Bikain, bikain. Edgar Mendezek buruz saretara. Zorte pitin bat, atzelaria irristatu delako. Baina 0-2ko, aspaldiko partez.
  • Garaipena dator, garaipena, ilusiorik beteriko garaipena. Ea egia izaten den!
  • Orain helburua atsedenaldira emaitza honekin joatea onena litzateke. Ondo, ondo. Ea bigarren zatian taldea gai izaten den markagailuari eusteko.
  • A zer-nolako aukera hirugarrena sartzeko. Hasiera ona eman dio bigarren zati honi.
  • Eustea, eustea eta kontraeraso batean ea hirugarrena egiteko aukera dagoen!
  • Hau pena! Penaltia. Borja Iglesiasek ez dio inongo aukerarik eman Pacherori. Goool. Betisen gola.
  • Sufrimendua, sufrikario. Luzea, oso luzea egingo da bigarren zatia.
  • Jarraitu behar da, presio eginez. Kontraerasoren bat edo beste aprobetxatu beharra dago.
  • Hortzak estutu eta emaitzari eutsi. Hamar minutu, besterik ez. Eutsi goiari.
  • Uffff, Betisen gola. Uffff, Hau sufrikarioa!
  • Betisen hirugarrena. Hau komeria! Zaplazteko mutur-muturrean.
  • Kolpe gogorra. Zulotik irten ezinik!
  • Hurrengo partida Cadizen aurka. Bai ala bai, irabazi behar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide