Herriz herri plazak hartuko ditu mugimendu feministak, pandemiaren gainetik

Erredakzioa 2021ko mar. 8a, 08:30

Goizeko pikete feminista Tubacexek Laudion duen fabrikaren aurrean. / @AiaraldekoMF

Osasun krisiak baldintzatuta bada ere, Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu martxoaren 8rako. Gasteizko manifestazioa 19:00etan abiatuko da San Anton plazatik, baina herrietan ere ekimen ugari izango dira.

Bi urte igaro dira azken greba feministatik. Orduan, planto egin eta "bizitzak erdigunean" jartzeko beharra aldarrikatu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak. Urtebete beranduago, Covid-19aren pandemia hastear zegoela, antolakuntza eta borroka feministara batzeko deia egin zuen.

Ondoren, pandemiak dena baldintzatu du, eta Euskal Herriko mugimendu feministaren ustez, horrek "sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu; lehertu dena, ez baita soilik osasun krisia".

"Dena aldatu, sistema arrakalatu"

"Herritarron osasunaren gainetik, gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere", salatu dute. "Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan, eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan", azaldu dute.

Hortaz, aurten, "sistemari arrakalak sortzea" izango da martxoaren 8ko mobilizazioen ardatza, eta, hain zuzen ere, DENA aldatu, sistema arrakalatu izango da mugimendu feministaren leloa.

Goizean, pikete feminista egin dute Tubacexeko emakumeek Laudion, eskualdeko mugimendu feministarekin batera. Lehen aldiz greba mugagabea hasi zenetik, jarduera guztiz gelditzea lortu dute; zuzendaritzaren autobusak buelta eman behar izan du. / @AiaraldekoMF

 

Egokitutako mobilizazioak

Mobilizazio handiek eragin ditzaketen arazoen inguruko zalantzak sortu dira hainbat erakundetan eta baita jendartean ere, baina Euskal Herriko mugimendu feministak argi utzi nahi izan du: "Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu".

"Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo", ohartarazi dute. "Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".

Hortaz, aurten ere, "arduraz jokatuta eta Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzeko", manifestazio handiak hiriburuetan deitu dituzte, baina herrietan ere mobilizazioak eta ekimenak izango dira. Kaleak eta plazak hartzera animatu dituzte Euskal Herriko emakumeak, trans eta bollerak.

Martxoaren 8aren harira, Arabako herrietan deitutako mobilizazio eta ekimenak bildu ditugu ALEAn:

  • Agurain: 18:30ean, San Juan plazan.
  • Aiaraldea:
    • Amurrio:
      • 7:00etan, pikete feminista Laudioko Tubacexen.
      • 12:00etan, pentsionistekin kontzentrazioa.
      • 19:00etan, manifestazioa herriko plazatik.
    • Laudio:
      • 7:00etan, pikete feminista Laudioko Tubacexen.
      • 11:00etan, martxa Laudioko plazaraino.
      • 19:00etan, manifestazioa herriko plazatik.
  • Arabako Errioxa: formatu txikiko jarduerak eskualdeko herrietan zehar.
    • Oion: 9:15ean, emakumeen ibilaldia; eta 12:00etan photocall Plaza Nagusian.
    • Guardia: 14:00etan, manifestuaren irakurketa Plaza Nagusian; eta 20:00etan, Antonio Mijangos Kultur Aretoan, ipuin-saioa emakume ahotsekin.
    • Bastida: 19:00etan elkarretaratzea, mugimendu feministak deituta.
  • Aramaio: 18:00etan, herriko plazan.
  • Gasteiz: 18:30ean, neska gazteen blokea Gaztetxetik; eta 19:00etan, manifestazioa San Anton plazatik.
  • Gorbeialdea:
    • 17:00etan, kotxe karabanak herrietatik: 17:00etan Izarrako eta Murgiako plazetatik.
    • 18:00etan, kate feminista zapiekin, Bengolarran.
    • 19:00etan, elkarretaratze nagusia, Murgiako plazan.
  • Mendialdea:
    • Arraia-Maeztu: 19:00etan, elkarretaratzea Izki aurrean, Lamingorriak talde feministak deituta.
    • Kanpezu: 20:00etan, elkarretaratzea herriko plazan, Lamingorriak talde feministak deituta.

Zure herriko mobilizazioen berri eman nahi badiguzu, bidali mezu bat erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez 645 66 86 02 telefono zenbakira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago