Goya sarien saskia beteta dakar 'Ane'-k

Erredakzioa 2021ko mar. 7a, 08:40
Patricia Lopez Arnaiz aktorea. / 'Ane'

Hiru Goya eskuratu ditu. Patricia Lopez Arnaizek irabazi du aktore protagonista onenaren saria; Jone Laspiurrek errebelazio aktore onenarena; eta David Perez Sañudok eta Marina Pares Pulidok gidoi egokitu onenarena.

Pandemiak baldintzatutako ezohiko gala batean, ezohiko distira izan du Arabako zinemagintzak Goya sarietan. Ane pelikulak Espainiako Arte eta Zinemagintza Zientzien Akademiak banatutako hiru sari eraman ditu. Tartean, Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak emakumezko aktore onenaren saria eskuratu du, eta Jone Laspiur donostiarrak aktore errebelazio onenaren saria. Era berean, David Perez Sañudok eta Marina Pares Pulidok gidoi egokitu onenaren saria irabazi dute Amania Filmsen pelikulagatik.

Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak eskertza mezu zabala eman du Marisa Paredes aktoreak saria jakinarazitakoan, Ane pelikulako kideekin elkartuta. Lagun eta familiari eskerrak eman dizkie, "nire bizitza handiago egiteagatik, eta munduan harrera beroagoa dudala sentiarazteagatik". Antzerkian lehen pausoak eman zituen Ortzai taldeko kideak ere gogoan izan zituen, besteak beste. Goya sariarekin batera, Feroz eta Ondas sariak ere esku artean ditu dagoeneko.

Zazpi hautagaitza

Arabako zinegileek hautagaitza gehiago zituzten Goya sarietan, baina ez dute saririk lortu horietan. 'Baby' pelikulagatik zuzendari onenen artean aukeratu zuten Juanma Bajo Ulloa eta jatorrizko musika onenagatik Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte ziren hautagai. Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kideek ekoiztutako Solo son peces dokumentala ere lehian izan da, baina ez du saririk izan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide