Ostiral honetan izan da LABIren azken bilera, pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak eguneratzeko helburuarekin. 16:30ean bildu dira, eta, ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, prentsaurrekoa eman du, bileran hartutako erabakien berri emateko.
Eusko Jaurlaritzak datorren asteartetik aurrera —martxoak 9— ezarriko duen neurri aipagarriena EAE osoko mugikortasun askea izango da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar joan-etorriak inolako egiaztagiririk gabe egin ahal izango dira.
Horrekin batera, beste bi aldaketa iragarri ditu Iñigo Urkullu lehendakariak:
- Udalerri bakoitzeko murrizketak zehazteko 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia bertan behera geratuko da. Une honetan, ez dago ia udalerririk erregistro horren gainetik.
- Ebazpen bat erantsiko da lan eskaintza publikoen eta aisialdiko jardueren garapena errazteko.
Bestalde, aldaketa horiez gain, indarrean zeuden neurri murriztaile nagusiak mantenduko dira, oraingoz:
- Etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara.
- Gehienez lau pertsona arteko topaketak.
- Ostalaritzaren itxiera 20:00etan; lokaletik etxera eramateko zerbitzua 21:00ak arte mantendu daiteke; etxeko zerbitzua 22:00ak arte.
- Merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etan amaitu beharko dira.
- Edukiera mugatua saltokietan: %40 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan, eta %60 150 metro koadro arteko azalera duten establezimenduetan.
- Gurtza zentroetan edukiera mugatua: %35.
Autonomia erkidego osoan joan-etorriak baimentzeko erabakia martxoaren 9an ezartzearen arrazoia Martxoaren 8ko mobilizazioak dira. Izan ere, Emakumearen Nazioarteko Eguneko mobilizazioetan jende pilaketak saihestu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Gainera, neurri honekin barne turismoa sustatu nahi du Aste Santuan.
Dekretu berria martxoaren 8an, astelehenean, argitaratuko da; eta martxoaren 9an, asteartean, sartuko da indarrean. Urkulluk esan duenez, "gutxi gorabehera 20 eguneko epean" berrikusiko dira neurriak; beraz, oraingoz, neurri guztiak mantenduko dira gutxienez martxoaren 26ra edo 29ra arte.
Ekainera bitarteko estrategia
Udara arte, Eusko Jaurlaritzak hirugarren Bizi Berri Planean oinarrituko du pandemiari aurre egiteko estrategia. Planak otsaila eta ekaina bitartean jarduera eta ohitura sozialak arautzeko helburua du, pandemiaren bilakaerara egokituz.
Plan horrek bost agertoki eta arrisku maila bakoitzari egokitutako prebentzio neurriak aurreikusten ditu.
Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoak 100.000 biztanleko 300 kasu baino gutxiagoko intzidentzia tasa metatuarekin jarraitzen du; zehazki, 225ekoa da gaurko intzidentzia, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua gutxienez 60ra jaistea da.
Horren ondorioz, III. Bizi Berri Planaren arabera, EAEk 3. mailan edo Transmisio Tentsionatuko egoeran jarraitzen du.