Euskal Herrian emakume asko izan ziren XIX. mende bukaeran eta XX. hasieran familia aberatsen etxeetara neskame joan zirenak. Etxean dirurik ez, eta zaintza zein garbiketa lanak betetzen zituzten besteen etxeetan, biziraun ahal izateko. Batzuk etxe barruko neskameak ziren, eta lanaren truke otorduak eta lotarako lekua ere jasotzen zuten. Beste batzuk, ordea, beraien etxeetan bazeuzkaten bestelako ardurak: beraien seme alabak zaindu eta etxea garbitzeaz batera, beste etxe batzuetara joaten ziren arropa garbitu, josi edo garbiketa egitera.
"XIX. mendearen amaieran, industrializazioaren harira, emakumeak lantegi, denda eta bestelako zerbitzuetan sartzen hasi ziren, eta era berean, Euskal Herriko hainbat hiribilduren hiritartzeak, etxeko zerbitzuaren gorakada ekarri zuen”, azaldu du Gisela Bianchi soziologo eta Errotik kooperatibako ikertzaileak. Etxeko zerbitzua "klase burgesaren estatusaren seinale" bihurtu zela ere gehitu du, neskamea eduki zezaketenak eta ezin zutenak bereizten zituelako. Gerora, Bianchik azaldu duenez, "neskame" kontzeptua zaharkituta geratu zen, eta "etxe-langile" erabiltzeari ekin zitzaion, zeukan estigma kendu eta lanbidea profesionalizatzeko asmoz. Hala ere, ikertzaileak argi dauka: "Betidanik, errekurtso gutxien zeuzkaten emakumeak gutxietsita dauden lan sektoreetara sartzen dira. Kasu honetan, etxeko lanen sektorea ekonomikoki eta sozialki gutxietsia izan da historikoki".
"Emakume hauen egoerak delikatuak diren gaiak mahai gainean jartzera derrigortzen gaitu"
Baina bestelako arrazoiak ere badaude sektoreak daukan gutxiespena azaltzeko: "Emakumezkoekin lotu den guztia historikoki gutxietsia izan da, eta munduko leku guztietan, etxeko lanak emakumeak egin izan ditu beti. Hau ez da harritzekoa, izan ere, etxeko lanak emakumezkoen genero aginduen luzapen bat bezala ikusten dira". Mundu mailan, ILO Nazioarteko Lanaren Erakundearen arabera, 67 milioi pertsonak jarduten dute etxeko lan sektorean, eta horietatik %83 emakumeak dira.
Gutxiespenaren ondorioak
Etxeko lanei ematen zaien estatus horrek eragin nabarmena dauka sektoreko lan baldintzetan ere. Bianchik Errotik kooperatibaren bitartez burututako ¿Quiénes y cómo cuidan en Vitoria-Gasteiz? (Nortzuk eta nola zaintzen dute Gasteizen?) txostenaren arabera, legediak bereizkeriaz jokatzen du etxeko langileen kasuan: Ez daukate langabezia saririk jasotzeko eskubiderik, zaintzen duten pertsona hiltzen denean juridikoki babesgabe geratzen dira, eta gaueko txandak erregularizatu gabe daude, besteak beste.
Lan baldintzei dagokienez, txostenak salatzen du egiten diren kontratuak askotan ez datozela bat gero betetzen diren funtzioekin, eta askotan eginbeharrak handitzen joaten direla, baina soldata handitu gabe. Era berean, ordutegien afera ere azpimarratzen du: ez dira ordu gehigarriak ordaintzen, eta ezinezkoa da bizitza pertsonala eta laborala uztartzea.
"Ezin nintzen kalera atera, zaintzen nuen pertsona etengabe jagon behar nuelako"
Carolina Suarez etxe-langilea da; argentinarra da jatorriz, eta duela hiru urte iritsi zen Gasteizera, baina Granadan eta Galizian (Espainia) ere bizi izan da, eta han ere etxeko lanen eremuan egin du lan. Gasteizen dagoenetik, kanpoko langile gisa aritu izan da, eta ez du inoiz kontraturik izan. Orain lan bila dabil: "Sei ordu egiten nituen goizetan, eta arratsaldetan berriro bueltatzen nintzen, beste sei ordu egitera". Euskal Herrian, soldatak altuagoak direla dio Suarezek, baina hala ere, aldi berean bi leku ezberdinetan ere lan egin izan du soldata duin bat irabazteko: "Babespeko pisu batean egon nintzen, eta aldi berean, zahar etxe batean".
Maria Candela Lopez, berriz, espainiarra da, eta bost urtez lan egin izan du etxeko lanen esparruan. Barneko langile moduan ere ibili izan da, baina egin dituen lan gehienak kanpoko enplegatu bezala gauzatu ditu: "Barne langile bezala nire esperientzia ona izan zen. Egunean bi ordu libratzen nituen, eta asteburuetan ere jai neukan. Kanpoko langile bezala ibili naizenean, ohikoena da pertsona zaharrenganako arreta eskatzea: medikazioa eman, otorduak prestatu, pertsonaren garbiketaz arduratu,... baina barneko langilea nintzenean nik egin behar izaten nituen gainerako etxeko lanak ere". Hala ere, aitortu du barneko lanean ibili denean, ez duela denborarik izan "aisialdirako".
Orain lan bila dabil, baina bere azken lana enpresa baten bidez lortu zuen: "Tu Bienestar Ayuda a Domicilio enpresan lanean ibili nintzen, eta oso esperientzia txarra izan nuen. Bezero batek jazarri egin ninduen, eta enpresari jakinarazi nion arren, hark ez zuen ezer egin. Gainera, ez ninduten kaleratu nahi kitapena ez ordaintzearren. Azkenean, nire kabuz utzi behar izan nuen lana".
Arabako datuei begiratzen badiegu, 2015. urtean 3.152 emakume zeuden gizarte segurantzan etxe langile bezala afiliatuta, eta horietatik 1.253 emakumek jatorri atzerritarra zeukaten. Sektorearen zati handi bat beste herrialde batekoa izateak zaurgarritasuna gehitzen dio. Izan ere, kanpotarrak diren emakume asko egoera irregularrean egoteak beraien lan eskubideei nabarmen eragiten die. Errotik kooperatibaren txostenak azaltzen duenez, irregulartasun egoeran dauden emakumeak, gainera, babesgabe geratzen dira pairatzen duten bortizkeria arrazistaren aurrean.
Zapalkuntza ugari
Marta Espinoza (izen fiktizioa da, elkarrizketatuaren identitatea babesteko) nikaraguarra da, eta urte bat baino gutxiago darama Euskal Herrian. Araban egin du lan orain arte: "Uste dut egoera irregularrean egoteak aukera ematen diola kontratatzen nauen pertsonari nitaz baliatzeko. Hemengo lan baldintzak edukitzea gustatuko litzaidake: egunean zortzi orduz lan egin, asteburuetan libre izan, oporrak izan,... hori ez dut lortu oraindik, baina egoera honetan ezin dut besterik eskatu". Ez du inoiz kontraturik izan, eta denetarik egin du: barne langile moduan ibili da, eta baita kanpoko langile bezala ere; orduka ere egin du lana pertsona nagusiak zein umeak zaintzen: "Barneko lana eduki dudanean, ez dut atsedenerako denborarik eduki. Ezin nintzen kalera atera, zaintzen nuen pertsona etengabe jagon behar nuelako. Asteburuetan ere ez neukan egun librerik".
Errotik kooperatibak egindako txostenean azaltzen da askotan barneko lanak guztiz mugatu edo deuseztatzen duela aisialdirako denbora, eta Espinoza ere bat dator horretan: "Ez daukat bizitza sozialik, hemen nagoenetik ez dut astirik izan. Nire herrialdea faltan botatzen dut, baina hona zatozenean moldatu egin behar duzu, eta dagoena hartu".
Gainera, etxeko langileen zati esanguratsu bat kanpotarrak diren arren, jarrera arrazistak jasan behar izaten dituzte askotan: "Sudaca deitu izan didate askotan, baina tira, ohitu egin behar zara horrelako gauzetara. Askotan esan didate hona lana kentzera gatozela. Baina gu ez gatoz horretara: hemen mota honetako lanak egiteko eskaera handia dago, eta bertakoek askotan ez dute nahi izaten etxeko lanetan lan egiterik. Horregatik dago hegoamerikar asko sektore honetan". Arrazismoari, gainera, genero bereizkeria gehitzen zaio askotan: "Gizonekin esperientzia txarrak izan ditut iragarki bat jarri dudanean, batzuetan beste interes batzuk dituztelako, eta pentsatzen dute kanpotarra izanda errazagoa dela".
"Bezero batek jazarri egin ninduen, eta enpresak ez zuen ezer egin"
Emakundek egindako Euskal Autonomia Erkidegoan emakumezko etxe langile atzerritarrek jasaten dituzten askotariko bereizkeriak txostenaren arabera, gainera, jatorriz beste herrialde batzuetakoak diren etxeko langileen %45ek bestelako ikasketa batzuk egin ditu. "Nikaraguan gizarte zientziak eta zientzia juridikoak ikasi nituen. Hau ez da nik nahi nuen lana, baina ez daukat besterik", dio Espinozak.
"Emakume hauen egoerak gure gizartean oso delikatuak diren gaiak mahai gainean jartzera derrigortzen gaitu, gure gizartearen funtzionamendua kolokan jartzen dutenak", dio Bianchik. Ikertzailearen arabera, langile kanpotarren baldintzei, genero bereizkeria eta egungo sistema ekonomikoa gehitu behar dizkiegu. "Etxe langileek ez daukate gainerako sektoreek dauzkaten eskubideak izateko aukerarik, eta hau adabaki bat da jasanezina den antolakuntza sozial bat jasateko".