Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuen garrantzia, baina pribatizazioen ondorioz "negozioa egiteko aukeratzat" hartu izan direla salatu dute sindikatuek: "Azken urteetan, erabiltzaile zein langileen bizi kalitatea okerrera joan da, pribatizazioak sortzen duen diru-gosea dela eta", kritikatu dute.
Hortaz, gizarte zerbitzuen sistemaren "eredu aldaketa oso bat" aldarrikatu dute: "Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz". Zentzu horretan, gizarte zerbitzuak publiko bihurtu eta zerbitzuen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartzea exijitu diete erakundeei, "langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartuz".
Gainera, lan horietan "aitortza faltak" prekarietatea areagotzea eragin duela uste dute: "Lan zama jasanezinak, behin-behinekotasuna, soldata baxuak...", azaldu dute, eta negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela ohartarazi dute.
Testuinguru horretan, ostegun honetan, martxoaren 4an, gizarte zerbitzuen greba egin dute EAE osoan. Sektore honetan deitutako hirugarren greba eguna izan da 2021ean. Azken urteetan langileek plazaratutako aldarrikapenak berretsi dituzte:
- Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.
- Gizarte zerbitzuen eredua aldatzea: besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.
- Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.
- Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak eguneratuz.
- Gizarte zerbitzuen multzoa arautzea, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte hartzearekin.
- Aurrekontu-hornidura bermatzea, gizarte zerbitzuen eta zainketa zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko: kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.