Konposta Araba jaio da, hondakin organikoak hobeto kudeatzeko

Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 11:56
Konposta materia organikoaren deskonposizioaren emaitza da. / PIXABAY

Lurraldeko erakundeen artean esperientziak partekatzeko, hondakin organikoak hobeto kudeatzeko eta konpostaje sistemak handitzeko helburuarekin, Konposta Araba ekimena sortu dute.

Arabako Foru Aldundiak Konposta Araba egitasmoa jarri du martxan. Sare berri horretan, hondakinen arloan eskumena duten lurraldeko erakunde guztiak bilduko dira, sinergiak partekatzeko eta lurraldean hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko.

Azken urteetan, hondakin organikoen tratamendua elikagaien eta inausketen hondarrak nabarmen hobetu da gure lurraldean. Batez ere 2017tik aurrera; izan ere, urte horretan jauzi kualitatibo bat iritsi zen, Arabako herrietan banakako eta komunitateko konpostaje sistemak martxan jarri zirenean.

Gisa horretako hondakinen birziklapen tasa %16 izan zen 2019an, eta %13 2018an. Ideia bat egiteko: 2010ean, sortutako hondakinen %3 baino ez zen behar bezala bereizten. "Hobetzeko tarte handiena duen hondakina ere bada, eta, beraz, funtsezkoa da Europako helburuak lortzeko", azpimarratu du Ingurumen Saileko foru diputatu Josean Galerak.

Hori dela eta, inplikatutako eragile guztien arteko topagune berri bat sortzeko apustua egin du Aldundiak. Gune horren bitartez, gainera, laguntza teknikoa emango die Arabako herriei, biohondakinak kudeatzeko sistemak hobetzeko izan ditzaketen zalantza, eskaera eta beharrizanen inguruan.

Esperientzia trukea

Datozen hilabeteetan, hainbat jardunaldi antolatuko ditu Konposta Arabak, prestakuntza eskaini eta esperientziak trukatzeko.

Martxoan, esaterako, gauzatutako proiektu pilotu bat aurkeztuko da. Proiektu horri esker, Arabako hainbat abeltzainek parte hartu ahal izan dute, beren zonaldeko hondakin organikoekin batera ustiategietako simaurra biltzen eta kudeatzen. Esperientzia horretan parte hartu dute, halaber, zenbait ikastetxek eta hondakin asko sortzen dituzten beste talde batzuek; jantokietako hondakinak bildu dituzte, konpostatzeko eta ondoren laborantza ekologikoan erabiltzeko.

Beste jarduera batzuen artean, hurrengo hilabeteetan honako saio hauek izango dira: konpostaje sistema bat ezartzeko modua, inausketa hondarrak prozesu horietan beharrezko egituratzaile gisa sartzeko era eta konpostari eman ahal zaizkion erabilerak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide