Koronabirusa

Astean lau irteera eta bi bisita baimenduko dituzte Arabako egoitzetan

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 19:31

Argazkia: AFA

Txertaketa amaitu ondoren, lurraldeko egoitzek bisiten eta irteeren erregimena malgutuko dute. Astearte honetan indarrean sartuko den araudi berriak astean lau irteera eta bi bisita egiteko aukera emango dio egoiliar bakoitzari.

Aldundiak jakinarazi duenez, martxoaren 2tik aurrera, erregimenaren erregulazio berria izango dute adinekoentzako zein desgaitasunak dituzten pertsonentzako Arabako egoitzek. Zentro horietako ia langile eta egoiliar guztiei txertoa jarri ondoren iritsi da erabakia.

Neurri berriei esker, egoiliarrek harreman handiagoa izango dute beren senide eta hurbilekoekin. Zehazki, honako hauek izango dira irizpideak:

  • Bisita bakoitzeko pertsona bat izatetik bi izatera igaroko dira.
  • Egoiliar bakoitzari astean gutxienez bi bisita egiteko aukerari eutsiko zaio.
  • Astean bi irteeratik laura igoko da, gutxienez, erabiltzaile bakoitzeko. Ahal dela, egoitzaren gertuko espazio irekietan egindako ibilaldi terapeutikoak izango dira.

Zentroek bisiten eta irteeren maiztasun handiagoa baimendu ahal izango dute, egoiliarraren baldintza pertsonalen eta zentro bakoitzaren antolaketa aukeren arabera.

"Egoiliarren bizi-kalitatea, pribatutasunaren kudeaketa, mugitzeko askatasuna eta ongizate emozionala hobetzeko" balioko duela uste du Aldundiak. Izan ere, irteera eta bisita erregimenak erabiltzaileengan "osasun mentaleko osagai oso garrantzitsua" duela azpimarratu dute.

Hala eta guztiz ere, zuhurtasunari eusteko dei egin du Aldundiak, eta, beraz, bisitetan eta irteeretan prebentzio neurri berak mantenduko dira: besteak beste, eskuen higienea, maskararen erabilera eta bi metroko distantzia. Era berean, infekzio aktiboko proba diagnostikoen kontrol mailari eutsiko zaio, eta Covid-19aren susmagarri diren koadro kliniko guztiei helduko zaie.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago