Sektore publiko osoko langileak grebara deituta daude apirilaren 22rako

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 13:50
Greba deialdia iragartzeko sei sindikatuen prentsaurrekoa. / Argazkia: LAB SINDIKATUA

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek EAEko sektore publiko osoko langileen greba deitu dute apirilaren 22rako. Behin-behinekotasuna amaitzea eta enplegu publikoa sortzea exijitu dute.

Enplegu publikoa sortzea eta aldi baterako enplegua finkatzea izango da ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek proposatutako mobilizazio dinamika bateratuaren helburua, eta sektore publikoko langile guztiei dei egin diete dinamika horretan parte hartzera.

Dinamikaren helmuga apirilaren 22an sektore publiko osoan deitutako greba izango da, baina aurretik ere bestelako mobilizazioak egingo dituzte. Martxoaren 17an, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaraino eramango dute protesta.

"EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da", ohartarazi dute. Besteak beste, enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta enplegua sortzeko "borondaterik eza" salatu dituzte, eta horrek langile publikoen lan baldintzetan "eragin negatiboa" duela uste dute.

Gainera, zerbitzu publikoak "kontzienteki ahultzea" egotzi diete gobernuei: "Azken urteetan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Egoera hau gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dute, edozein kolore edo eremu geografikoko gobernuek". Halaber, behin-behinekotasuna "gehiegikeriaz eta langileen eskubideak kaltetuz" erabili dela salatu dute.

Salbuespenezko neurriak

"Salbuespenezko egoera da, eta salbuespenezko neurriak behar dira", aldarrikatu dute sei sindikatuek, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta lan kargak murrizteko eta arautzeko beharra azpimarratuz.

Arazo horiei aurre egiteko, negoziazio kolektiboa aktibatzea "ezinbestekoa" dela uste dute. Besteak beste, honako neurriak hartuko dituzte.

Instituzioei mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzeko eskatu diete, "nahikoak ez direlako, ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen, ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere".

EAEko erakunde guztiak interpelatu dituzte, "Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, baita erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere", arau-aldaketak bultzatzeko.

Kontratazioan "gehiegizko" behin-behinekotasunari amaiera ematea nahi dute. Horretarako, plantillen behar guztiak identifikatu, azaleratu eta horien arabera handitzeko exijitu dute, egungo egoerara itzultzea saihesteko mekanismoekin batera.

Azkenik, martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuetan kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak kontuan izatea eskatu dute. "Administrazioei pribatizazioen eta externalizazio politikekin amaitzeko eskatzen diegu; plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa dela uste dugu", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide