'Ane' filma, Euskal Zinemaren Astearen irabazlea

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 10:37
Euskal Zinemaren Astearen 37. edizioaren sari banaketa. / VITAL FUNDAZIOA

Goya Sarien atarian, Ane filmak arrakasta lortu du berriz ere; oraingoan etxean, Euskal Zinemaren Astearen 37. edizioan film luze onenaren saria irabazi baitu. Jaialdiko ikusleek Polvo somos film laburra ere saritu dute.

Joan den astean Vital Fundazioak antolatutako Euskal Zinemaren Astearen 37. edizioak sarrera guztiak agortu ditu egunero, eta baimendutako edukieraren %100 bete da. Ikusle kopuruari dagokionez lortutako arrakastarekin batera, proiektatutako filmen kalitatea azpimarratu dute antolatzaileek.

Bertaratutako ikusleek aukeratu dituzte lan irabazleak. Film luze onenaren saria Ane pelikulari eman diote ikusleek, David Perez Sañudo zuzendariaren lanari. Bestalde, Estibaliz Urresolaren Polvo somos lanak film labur onenaren saria lortu du.

Gainera, larunbat honetan Vital Fundazioa Kulturunean egindako itxiera galan, Patricia Lopez Arnaizek Gutako bat saria irabazi du, bere ibilbide profesionalagatik.

Aste osoan zehar, film ugariz gozatzeko aukera izan dute ikusleek: Akelarre, Ane edo Baby, besteak beste. Edizio honen baldintzak gorabehera, proiektatu diren film luze eta labur guztien zuzendariek zegozkien solasaldietan hartu dute parte; hortaz, sektoreko erreferente bihurtutako lehiaketaren kalitateari eutsi zaio.

Euskal Zinemaren Astea 37 urtez ospatu da, etenik gabe, eta zinemagintza industria eta publikoa gure lurraldean egindako zinemarik onenaren inguruan elkartzeko topalekua izan da denbora horretan.

Erlauntza, azken filma

Mireia Gabilondoren Erlauntza izan da eman den azken filma, eta protagonismoa partekatu du itxiera galarekin eta sari banaketarekin. Leire Ruiz, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza edo Naiara Arnedo dira film horretako aktore nagusiak. Pelikula honetan, haurtzaroko lagun talde bat landetxe batera doa, haietako baten ezkondu aurreko agurra egitera. Asteburu zoroa izango zena, gehixeago erotuko da; trapu zaharrak, inoiz esan ez diren kontuak, aitorpenak, alkohola, droga...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide