Alaves 0 - 1 Osasuna

Alaves jaitsiera postuetatik gero eta gertuago

Ibon Gorrisi 2021ko ots. 28a, 09:00
Argazkia: @Alaves

Itxura kaxkarra emanez, Osasunaren kontrako derbian 0-1 galdu du Alavesek. Jokaturiko azken hamar jardunaldietan garaipen bakarra lortu du. 

Alaves

0

Osasuna

1

Alavesek, oso itxura kaxkarra emanez, Osasunaren kontrako derbian 0-1 galdu du. Ez jokorik, ez gol aukerarik, ez festarik Mendizorrotzan. Bi taldeek helburu bera izan dute lehian: garaipena lortzea jaitsiera postuetatik urruntzeko. Talde arabarrak irabazteko premia izugarria zuen. Izan ere, jokaturiko azken hamar jardunaldietan garaipen bakarra lortu du. Halere, galdu ondoren gauzak erabat okertu egin dira eta argi gorria piztu da.

Ez jokorik, ez gol aukerarik, ez festarik Mendizorrotzan

Lehen zatian, lehia estua eta parekatua izan da. Bi taldeetan galtzeko beldurra nagusi izan da, eta, horren ondorioz, oso gol aukera gutxi izan dira. Gorritxoek jokoaren ekimena eraman dute, eta etxeko taldea eroso aritu da atzean sartuta. Ez batak ez besteak ez dute gauza handirik egin markagailuan aurrea hartzeko. Golik ez, baina faltak asko izan dira. Behin eta berriz jokoa etenda izan da. Hor ikusi baita bi taldeek asko zeukatela jokoan, eta aurkari zuzen baten kontra galtzea zama astuna izango litzatekeela. Beraz, atsedenaldira golik gabeko berdinketarekin joan dira.

Bigarren zatia bizi-bizia hasi da, eta bazirudien Alavesek aurrerapauso eman nahi zuela garaipena lortu ahal izateko. Baina oasi bat izan da basamortuan. Bost minutuko ilusio izan da. Hortik aurrera, nahi eta ezinean aritu da talde arabarra. Osasuna pixkanaka aurrera joan da, eta, joko askorik egin gabe, area ingurura hurbiltzea lortu du.

Halere, bi taldeetako jokoa kontuan izanik, ez zen ikusten inondik inora baten batek gola egiteko gauza zenik. Baina, nolakoak diren gauzak, 77'. minutuan, zorteko errebotez egindako jokaldi baten bitartez, Barjak sareetara bidali du baloia. Epaileak VAR kontsultatu behar izan du, baina balekoa eman du.

77. minutuko gola zaplazteko galanta izan da etxeko taldearentzat

Gol hori zaplazteko galanta izan da etxeko taldearentzat. Beldurrak, kezkak, ezina... mamu guzti horiek agertu dira. Baina garbi dago golak lortu ahal izateko ezinbestekoa dela area ingurura hurbiltzea, aukerak sortzea. Derbi honetan Alavesek gol aukera bakarra izan du, eta 92. minutuan izan da Joseluren bitartez. Area zapaldu gabe oso zaila baita lehiak irabaztea.

Taldeak garaipenaren trena hartu behar du Liga amaieran estutasunak ez izateko. Hurrengo neurketa martxoaren 8an izango da, 21:00etan, Betisen aurka. Ea taldeak hiru puntuak eskuratzen dituen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (83’. Deyverson), Laguardia, Lejeune, Martin (46’. Duarte); Edgar Mendez (73’. Luis Rioja), Manu Garcia, Tomas Pina, Cordoba (46’. Pellistri); Lucas Perez, Joselu.
    • Txartel horiak: 44’. Tomas Pina, 68’. Laguardia, 82’. Lucas Perez.
  • Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Torres, Oier, Torro (77’. Moncayola), Ruben García (87’. Unai Garcia), Calleri (67’. Barja), Budimir (87’. Enric Gallego).
    • Txartel horiak: 29’. Unai García, 39’. Nacho Vidal, 64’. David García, 74’. Juan Cruz.

Golak

  • 0-1: 77’. Barja.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ikuslerik ez. Hau pena! Era honetako derbiak oso politak izaten dira eta bi taldetako zaleek giro bikaina sortzen dute harmailetan. Ea ahalik eta lasterren posiblea izaten den ikusleak izatea harmailetan, bakan batzuk badira ere. Alaveseko jokalariek besoko beltza eraman dute Danel Belategi Garbizu gaztearen omenez.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Derbi politak izaten dira Alavesek eta Osasunak jokatzen dituztenak. Baina, gogoratu azkenengoetan beti gorritxoek irabazi dutela. Ikusiko dugu.
  • Irabazi behar da, bai ala bai. Bestela mistela! Jaitsiera postuak hor daude eta kontutan hartu behar dugu azken jardunaldietatik bakarra irabazi dugula.
  • Baina gaur bai, gaur irabaziko dugu.
  • Beno, gutxienez hamaikakoan Lucas Perez eta Joselu. Ea behingoz gola egiten duten.
  • Beti bezala, partida kaxkarra ikusiko dugu. Hor ari dira galtzeko beldurrarekin. Egia esanda gaur galtzen duenak gorriak ikusiko ditu.
  • Bufff, gol aukerarik sortu gabe ez dago irabazterik. Golik gabe ez dago festarik.
  • Ezer egin gabe, ez batak ez besteak aldageletara. Golik gabeko berdinketa. Partida ez doa bide onetik.
  • Beno, bada, ematen du Alavesek garaipena nahi duela. Ondo, ea behingoz aurrera egiten duten eta gola lortzen duten.
  • Faltak, faltak eta faltak, partida itsusia, parekatua, estua… Gola egiten duenak irabaziko du.
  • Berdinketa izango da. Orain arte ez dute gol aukera garbirik sortu. Ze gaizki
  • Gol, Osasunaren gola. Adio, akabo. Zulora. Zer-nolako gola. Errebotez egindako gola. Gainera taldeak zorte txarra dauka.
  • Kaka zaharra. Horrela ez dago irabazterik.Jaurtiketa bakarra egin dute atera. Bakarra, eta hori partidaren bukaeran.
  • Hau desastrea.
  • Beno, hurrengo partidan pentsatu beharra dago, derrigorrez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide